Ireki da Bertso Udalekuetarako izen-emate epea
Ireki da Bertso Udalekuetarako izen-emate epea –
Bertso Udalekuak izango dira. Aurten bai. Azken hilabeteotan prestaketa lanetan aritu dira antolatzaileak osasun egoeraren bilakaera adi jarraitzen zuten bitartean, eta azkenean udalekuak egin ahal izateko baldintzak betetzen direla ebatzi dute. Gaur ireki da Bertso Udalekuetan izena emateko epea, 10:00etan. bertso eskolako kide edo Elkarteko bazkide ez diren interesdunek bigarren epe bat izango dute izena emateko: maiatzaren 25etik 31ra, eta egun horietan ere 10:00etan abiatuko eta amaituko dira izen-emateak. Bertsozale Elkarteak ohartarazi du parte-hartzaileek egonaldi bakar bat aukeratu beharko dutela.
COVID-19aren aurrean hartu behar diren osasun neurriak kontuan hartuta, prebentzio eta garbiketarako segurtasun protokoloa diseinatu dute eta une oro aintzat hartuko dituzte indarrean dauden neurri eta legeak.
Sopelan, Orion, Uitzin eta Amaiurren izango dira egonaldiak, uztailean; 9-18 urte bitarteko gazteentzako udalekuak izango dira.
Parte hartzeko eta ordainketarako baldintzak
Izena ematerakoan parte hartzeko baldintza batzuk onartu behar dira (baldintzok jasotzen dituen dokumentua eta hari lotutako onartu beharreko fitxa).
Ekainaren 9rako emango da txanden osaketaren berri. Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez “erreserba baieztatzeko ordainketa epe bat jarriko da, eta behin udalekuetako txanda hasita ez da dirurik itzuliko. Udalekuak hasi bitartean, diru itzulketa egiteko salbuespen batzuk hartuko dira aintzat egungo osasun egoera tarteko”.
Ordainketaren inguruko xehetasunak, txanden inguruko informazioa eta ohiko galderen erantzunak topatuko dituzu hemen.