Irailaren 30ean Bertso Eskolen Eguna Seguran
Irailaren 30ean Bertso Eskolen Eguna Seguran –
Portugaleten izan zen azkenekoz, eta aurtengoan Segurak hartu dio lekuko Bertso Eskolen Egunari. Bertsolaritzaren topagune izango da Goierriko herria, eta hori gutxi balitz, egun berean jokatuko da han Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenetako bat.
Urtero bezala egun osoko egitaraua prestatu du Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak. Elorripe herriko tabernan emango zaio hasiera jaiari, 12:30ean. 14:00etan bazkaria ospatuko da plazan, Iparra Hegoa elkarteak antolatuta, eta bazkalostean, Bertsotruk bertso eskolen arteko desafioen hirugarren edizioa aurkeztuko da, parte-hartzaile eta guzti. 2015ean antolatu zen lehen aldiz ekimena, eta geroztik hainbat bertso eskolak hartu izan dute parte. Urtero 30 saio inguru egin izan dira bertso eskolen artean, eta horrek, bistan dena, beren arteko harremana sendotzen du.
Jarraian, Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdeneko saioa hasiko da, eta hura bukatzean, Bertso Eskolen Egunak bere martxa jarraituko du: 20:00etan, afari-merienda eskainiko du Elorripe herriko tabernak eta Julene Otaegi eta Jone Uria trikitilariak arduratuko dira giroa jartzeaz. 23:00tan, eMePebo5t taldearen kontzertuarekin itxiko da egitarau.
Bazkarirako txartelak salgai
Irailaren 24ra arte lortu ahal izango dira Bertso Eskolen Egunaren baitan egingo den bazkarirako txartelak. 15 euroren truke erosi ahal izango dira www.bertsosarrerak.eus atarian.