Ion Izagirre txirrindularia Hitzetik Hortzeran
Ion Izagirre txirrindularia Hitzetik Hortzeran –
Hitzetik Hortzerako langileak Ion Izagirre txirrindulariarekin elkartuko dira bere herrian, Ormaiztegin. Txirrindulari profesionala eta bertsozalea da Izagirre. Aldizkari honetan bertan bere bertsozaletasunaren berri emandakoa da kirolaria:
Txirrindulari ofizioak dedikazio handia eskatzen du, aita izateak zer esanik ez, eta azkenean, libre topatu dudan tartetxo batean eseri naiz lerro hauek idaztera.
Ba egia esan bertsolaritza beti gustatu zait, baina esan beharrean nago ez naizela aditua, inondik inora. Gustukoa dut gure kulturan zati garrantzitsu bat delako; gustuko dut, besteak beste, bertsolariak bertsoak abesteko eta sortzeko garaian daukaten abileziagatik. Gogoko dut bertsolaritza, ondo pasatzen dudalako, harritzen naizelako, hunkitu noizbehinka, baita entzulea alaitu eta liluratzeko bertsolariek daukaten gaitasunarengatik.
Esan bezala ez naiz aditua eta ez daukat ohiturarik bertso saioetara joateko, baina tarteka tokatu izan zait bertso afariren batean izatea, eta egia esan, ume txiki bat bezala pasatzen dut.
Gogoratzen naiz Euskaltel Euskadi taldean nengoen urte batean, denboraldi amaieran, bertso afari bat antolatu genuela Pasaian Amets Arzallus eta Julio Sotorekin. Niri gai jartzaile bezala jarri ninduten (a ze urduritasuna) eta gaiak Mikel Astarlozak idatzi zituen. Afari amaieran neu ibili nintzen gai jartzaile lanetan, eta kirioak dantzan izan arren aitortu behar dut primeran pasatu nuela.
Askotan galdetu didate ea zein den nire bertsolari gustukoena, eta sekula ez naiz gai izan galdera horri erantzuteko. Hainbat dira estimatzen ditudan bertsolariak: Amets Arzallus, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso… Lazkao txikiren bideoren bat edo beste ikusita daukat, gure herri ondoko (Ormaiztegi) Lierni auzoko jatetxean kantuan. Ispiluari botatako hiru bertsoak paregabeak iruditzen zaizkit.
Badaukat beste momentu kuttun bat, aspaldi gertatu arren, maite dudana. 1967ko Euskal Herriko bertsolari txapelketan izan zen eta Xalbadorri tokatzen zitzaion kantatzea, Uztapiderekin batera finalera pasatuta. Erabaki horrek txalo eta txistu ugari sortu zituen eta dena lasaitu zenean hauxe abestu zuen:
Anai arrebok ez, otoi pentsa
neure gustura nagonik
poz gehiago izango nuen
albotik beira egonik.
Zuek ez bazeate kontentu
errua ez daukat ez nik ( txalo eta txistuak entzuten dira)
txistua jo didazute baña
maite zaituztet oraindik.
Ileak zutik jartzen zaizkit bideoa ikusten dudan bakoitzean, nola gelditu beharra izaten duen kantatzeari jendea aztoratzen delako eta berriro ere martxan jartzen denean nola ematen dion buelta egoerari entzuleak txalo batean jarriz. Oilo ipurdia.
Zer gehiago kontatuko dizuet ba? Neroni munduko txarrenetakoa izango naiz bertsotan, mozkortzen naizenean ere ez naiz kapaza sentitzen (ez kontatu hau Bahrainekoei). Agian horregatik miresten ditut bertsolariak, niri ezinezkoa egiten zaidana beraiek erreza egiten dutelako.
Amaitzeko, agur bero bat bidali nahi nuke Euskal Herri osoko bertso eskoletara: ikasleei, irakasleei eta proiektu guztia posible izateko lan egiten dutenei. Jarraitu geurea dena eraikitzen, pedalkadaz pedalkada, hanka lurrean jarri gabe; herrigintza helmugarik gabeko eta arnas luzeko lasterketa oso luzea baita.
BESARKADA BAT GUZTIOI.