Iñigo Legorburuk irabazi du Florentino Goiburu bertso paper lehiaketa

Lehenengo saria ‘Influ-ezer’ bertso sortarekin lortu du eta bigarrena, ‘Esan gabe doa’ lanarekin.

Iñigo Legorburuk irabazi du Florentino Goiburu bertso paper lehiaketa –

Iñigo Legorburuk irabazi du Florentino Goiburu bertso paper lehiaketa

San Blas jaiak ospatzen aritu da Idiazabal, eta testuinguru horretan eman dituzte jakitera I.Florentino Goiburu bertso-paper lehiaketako irabazleak herriko plazan. Helduen mailako lehen eta bigarren saria Iñigo Legorburuk eraman ditu Influ-ezer eta Esan gabe doa lanengatik.

Lehiaketa, Idiazabalgo bertsozale taldeak eta Illati euskara elkarteak antolatu dute, eta aurtengoa izan da lehen edizioa. Sariketa ez da asko zabaldu, eta gazteen mailan ez da lanik aurkeztu; helduetan, berriz, 11 bertso-sorta aurkeztu dira. Arauek hala aginduta, bertso-sorta guztiek 6 bertsoko luzeera eduki behar zuten.

Lehenengo sarian Influ-ezer lanaren bidez, Legorbururen hitzetan «hain balio erraz eta eskasetan oinarritutako influezerrak kritikatu nahi izan ditut. Izan ere, konturatua nago pantailek eta internetek gurasoongan sortzen dituzten kezkak eta nik ere nire aletxoa jarri nahi izan dut kezka horretan». Lanarengatik 300 euroko saria eta egurrezko garaikurra jaso zituen.

Bigarren sariarekin, Esan gabe doa lanean emakumezko baten ezinegonak eta urduritasunak agertzen saiatu da «oholtzara hitz egitera atera behar duen neskato gazte baten azalean jarrita, non genero rolek zeharkatzen duten». Azken bertsoan ordea, sorpresa bat dago eta neskak zeinu bidezko hizkuntzan jardun behar duela agerian geldituko da. Bere lanarengatik 100 euro eta Idiazabalgo gazta bat jaso zituen.

Aloña Galarraga izan zen idiazabaltarrik onena eta hark ere saria jaso zuen Zintzarri hotsez izeneko sortarengatik. Florentino Goibururen biografia errepasatu zuen.

 

INFLU-EZER

 

DOINUA: Gure lurrean hedatua da

 

 

Kaixo, ni Mega Johann nauzue

atzo nintzena Joanes

jarraitzen nauten haiekin bete

ditzaket mila San Mames.

Trukatzean bizi-planez,

gaur nabil amets buhamez

frikia zena ikono berri

bihurtu baita, aidanez …

Filtrorik gabe esanez:

“Ez segi loser izanez!”

Zuek niretzat jardun zaitezten

aldatu berri dut lanez. (BIS)

 

 

Mundura jartzen gaitu begira

gure jardun urduriak

txunditzen gaitu reggetoi txarrak

edo Brasilgo cumbiak.

Dantzari sexy, guriak

erakutsiz ipurdiak

“probintzianismoz ez zaitez jantzi!”

diolako liturgiak …

Nazka Rahm-ek, Ezkurdiak

Xibero ta Lapurdi at

Euskal Herria alferrik dauka

guretzat mapa-mundiak. (BIS)

 

 

Txutxumutxutan hasitakoan

iristen gara Cuore-ra

gure begiak eginda daude

matxismoaren moldera:

“Neskek, kiloak sobera”

“Aiton galaiek, hobera”

haien bizitzek ze arrakasta

igotakoan blogera!

Aniztasun kolorera

apusturik ez morera!

Mikromatxismoz osatu ahala

suntsitu dadin norbera … (BIS)

 

 

Obsesionatzen gaitu erabat

eskalan gora jotzeak

gogoz onartzen ditugu hortaz

tribuko kode mortseak:

Urre gorrizko brotxeak,

zilarrak edo brontzeak

ai, hainbeste lan dakar berekin

espektatibak sortzeak!

Gama altuko kotxeak

BMW ta Porscheak

askatasuna ematen digu

kapitalari lotzeak. (BIS)

 

 

Garai bateko elizetako

pulpitoak zeuden goian

Jesukristoren hitza hartzeko

bazen nahiko arrazoi, han.

Mugikorraren sasoian

herriko kale kantoian

edonor bihur liteke laster

gure otoitzen morroian …

Hain tonu aurrerakoian

sartzen diegun pozoian

gaur burumakur umiltzen dira

telefonoko sermoian. (BIS)

 

 

Indarra hartzen dihardu gure

influezerron lobby-ak

baina elite deitzen den hortan

badira kategoriak:

Story hot ta goriak,

reggetoizko melodiak

garun txokotan sailkatzen ditu

norberaren memoriak.

Horren ahalegin joriak

baietz eskertu zoriak!

Historiara pasa daitezen

gure gaurko story-ak! (BIS)

 

 

ESAN GABE DOA

 

DOINUA: Ke azpitik, su gainetik

 

Gelako isilena zen

neska hura parkean

gaur ez dago bakean

publikoan jarduteko

lantxo bat bapatean

baitu eskuartean …

Atzo izan nintzen haurrak

hor dirau itzalpean

hitzik ez aldartean

mututasuna gorpuzten

hasten den bitartean. (BIS)

 

 

“Oholtzara igo orduko

baietz jaso epaia!”,

“lotsa, zure etsaia”

halako mezu gogorrek

handitzean ezbaia

ximeltzen zait bisaia.

Atrebentzia ez al da

akatsaren anaia?

Hasterako … amaia!

Gauza bat da esanahia,

bestea esan nahia … (BIS)

 

 

Ondotxo dakigun arren

ez garela hitz hutsak

hurkoaren hizkuntzak

sarri bilakatzen gaitu

tentelak, harroputzak

ukituz bihotz zuntzak …

“Pertsonak gorputzak gara!”

Dion arren hezkuntzak

ahazten zaizkigu funtsak …

Beraz zergatik mututzen

dira gure gorputzak? (BIS)

 

 

Bizitzak gu isiltzeko

badituenez planak

jartzen ditu afanak

gure baitan betirako

sarri utziz aztarnak

ta zuzentzen, ze lanak!

Ez al dira bertikalak

munduko harremanak?

Ze pisu, iraganak:

Esanekoak izanda,

ahazteraino esanak! (BIS)

 

 

Izua eragiten dit

jendaurrean hasteak

hitz hutsekin janzteak

nirea ez den rol batez

lagunei itsasteak

ta buru eskasteak.

Beldurtzen nau plazandreen

kodeak ikasteak

nolako kontrasteak

librean jardunagatik

ez baikara askeak. (BIS)

 

 

Aurretik asko prestatu

naizenaren bermean

adinik onenean

aurkitzen naizela ongi

dakit nik azkenean

lanaren izenean!

Gurasoen begirada

nabari dut erne han,

ze poza barrenean!

Zeinu hizkuntzan hizketan

ikusten nautenean! (BIS)

Iñigo Legorburuk irabazi du Florentino Goiburu bertso paper lehiaketaINFLU-EZER