Ikusten ez denari: hitza

Ikusten ez denari: hitza –

Gorputza, edo gorputzak izango dira protagonistak San Telmo museoan hurrengo asteetan zehar, martxoaren 9an bertsolaritzaren eskutik.

 

Ikusten ez denari: hitza

 

Artean, literaturan, bertsolaritzan… gorputzen presentziak, era esplizituan edo inplizituan, ukaezinak dira. Bi kontzeptu horien arteko tentsioei tira egingo dion trama plazaratuko da. Tentsioak estutuz hausnarketak, erantzunik gabeko galderak, edota testurik gabeko hitzak topatzen ditugu. Horietan murgilduta mamu bihurtutako itzalen presentzia sumatzen dugu: gorputzak eta haien zaurgarritasuna. Nondik eta nola sortzen dugu? Nor dago eta nor ez? Non dago egilearen gorputza? Eta… nor da egilea? Hori eta gehiago kontatuko dute Miren Artetxek eta Oihana AranakIkusten ez denari: hitza” emankizunean, hiru gai-jartzaileren proposamenei helduz: Yasmine Khris, Sarai Robles eta Jone Rubio.

 

Ekimen sorta gehiago antolatu dituzte museoan gaiaren bueltan. Apirilaren 27an Maite Luengok bost aktore elkarrizketatuko ditu “Mariage d’Amour”, gorputzak antzezle izenburua daraman mahainguruan: Maite Agirre, Patricia Fernandez, Nerea Iglesias Lili, Xabier Madina eta Aitor Renteria. Maite Agirrek zuzendutako Mariage d’Amour antzezlana zuzenean ikusi ondoren, elkarrizketan arituko dira Nerea Iglesias antzezlaneko aktorea eta Maite Luengo artearen historialaria. Lan horretatik abiatuta, gorputza eta antzerkiaren arteko harremanaren inguruan hausnartuko dute elkarrekin. Mariage d’Amour antzezlanean bi maitale elkarri begira ditugu, bi fruitu mota desberdin. Bata gaztea da, sentsuala, alaia. Musika zuzenean joz,  harmonien bila ari da. Bestea fruitu heldua da eta, bere gurpildun aulkiarekin dantza dotore bat eginez, bestearen musikan barneratuz  doa. Bien arteko erronka garatuko da, batzuetan umoretsua, besteetan gatazkatsua, zapore garratzekoa, maitasun ezkontzetan gertatzen den bezalaxe.

 

Maiatzaren 16an Bisitarien gorputzak museotan izeneko hitzaldia eskainiko du Garazi Ansak. Museoetara normalean ikustera joaten gara, eta begiei edo begiradari ematen diegu garrantzia ekintza horretan. Begiak ordea, buruan daude, eta burua gorputzaren parte da. Jakina dirudi honek, baina museoetan badirudi hain begi-bistakoa den honetaz ahaztu egiten garela. Hitzaldi honetan gai honen inguruan hausnartuko dugu: zein leku dute gorputzek museoetan?

Ikusten ez denari: hitza