Igaro da Bardoak txapelketako lehen asteburua

Igaro da Bardoak txapelketako lehen asteburua –

Etxarrin, Txantrean, Iturmendin, Erron eta Beran jokatu dira Bardoak taldekako txapelketako lehenbiziko saioak. ‘Larraun da Araitz. Bi dozena’, ‘Hego haizea’, ‘Sakaña’, ‘Arranopola’ eta ‘Lamixene’ izan dira talde garaileak, eta bigarren fasera pasatzeko bidean lehen puntua jaso dute.

Igaro da Bardoak txapelketako lehen asteburua

Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez, ostiralean hiru saio izan ziren. Lehena, Etxarriko dantzalekuan jokatu zen, eskualdeko Larraun da Araitz. Bi dozena eta Barañaingo Ipar haizea taldeen artean. 40 lagun inguru elkartu ziren etxeko taldeko bost bertsolariak eta talde bisitariko seiak entzuteko, eta itxura polita hartu zuen aretoak. Etxarriko kontzejuak eta Larraungo Bertso Eskolak hartu zuten saioa antolatzeko ardura. Gai-emaile lanetan, Ainhoa Iriarte eta Jose Mugiro aritu ziren. Ariketa guztiak egin ondoren, Larraun eta Araizko taldeak eskuratu zuen puntua. Saioa biribiltzeko, beste behin ere merendu bikaina prestatu zuten etxekoek, eta entzuleak eta bertsolariak giro onean aritu ziren elkarrekin solasean, Bardoetan ohikoa izaten den bezala.

Txantrean jokatu zen ostiraleko bigarren saioa, Euskaldunon Biltokian. Bertan izan ziren kantari Barañaingo Hego haizea taldea (etxeko gisara) eta Lizarrako bardeak, 20 lagun ingururen aurrean. Iñigo Avila ibili zen gai-jartzaile lanetan, eta etxeko taldearentzat izan zen puntua. 

Ostiralean, azkenik, saioa izan zen Iturmendin ere. Herriko Gaztetxearen urteurrena baliatuta antolatu zuten saioa, eta lepo bete zen gaztetxea ekitaldirako. Parez pare izan ziren eskualdeko Sakaña eta Iruñeko Drimtin taldeak, 50 lagun baino gehiagoren aurrean. Unai Artiedak egin zituen aurkezle lanak. Azkenean, Sakanako taldeak bereganatu zuen puntua.

Larunbatean, Erron jokatu zen saioa, Erroko-Etxea elkartean, 40 lagunen aurrean. Erroibar eta Aezkoako Pirini Bardo eta Lesakako Arranopola taldeak izan ziren kantari, Leire Barberena gai-jartzailearen aginduetara. Epaileek eta publikoak hala erabakita, talde bisitariak eraman zuen puntua. Bukaeran afaria egon zen parte hartzaile eta ingurukoentzat.

Beran jokatu zen, atzo, asteburuko azken saioa. Eguraldi ederra baliatuta, Kataku ostatuko terrazan izan zen saioa, 60 lagun baino gehiagoren aurrean. Herriko Lamixeneeta Auritz, Hendaia eta Lesakako partaideekin osatutako Amortziaren eliobak taldeak izan ziren kantari, Ainhoa Larretxeak jarritako gaiei erantzunez. Azkenean, herrian gelditu zen puntua, Lamixene taldeka irabazi baitzuen saioa.

Asteburu honetan ere hainbat kanporaketa jokatuko dira.

HURRENGO SAIOAK

 Igaro da Bardoak txapelketako lehen asteburua