Igande honetan itzuliko da Hitzetik Hortzera
Igande honetan itzuliko da Hitzetik Hortzera
Hitzetik Hortzera beti izan da etxekoa, eta familia bazkarien gisan, gurekin egon da denbora luzez igandeak alaituz, eta horrela jarraituko du hemendik aitzin. Formatua berrituta dator programa, gainera. Astero-astero gonbidatu bat izango da denboraldi honetan, eta bere berri emateaz gain bertsoarekin duen loturaz eta, orokorrean, bertsolaritzaz ere jardungo da. Astea joan eta astea etorri, beraz, gonbidatu baten talaiatik jasoko dugu plazako jarduna.
Euskal Herriaren luze zabalean egindako bertso saioetatik aukeratutako sorta onenak entzuten jarraitu ahal izango dugu, eta horretaz gaindi, bertsoaldi historikoek ere izango dute beren lekua. Ipar Euskal Herriko eta Bizkaiko bertsolari txapelketen hurbileko jarraipena ere egingo dute programan.
Joana Itzaina Itsasuarra izango da lehen gonbidatua. Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakari da bera. Bere aita gai-jartzailea zen, eta txikitatik aritu izan da bertso eskolan. Esan bezala, bertso saio ezberdinak ere ikusi ahal izango dira: Donostian, hilaren 3an, Jexux Mari Irazu, Jon Maia, Igor Elortza, Oihana Iguaran, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio aritu ziren kantuan; Alkizan, hilaren 8an,Sebastian Lizaso, Agin Laburu, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio etaAmets Arzallus eta Heletan, hilaren 11n, Uxue Alberdi, Odei Barroso, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Saio horietako bertsoaldi onenak izango dira ikusgai igande honetan ETB1en eta, nahi duzuenean, EITB Nahieranen.