Idoia Ilundain irabazle Mikel Laboa katedraren sarian
Idoia Ilundain –
Ahoz gorako irakurketa eta kontaketa haur hezkuntzan: ahotsaren eta entzumenaren bitartez sozializatzeko esperientzia titulua dauka Idoia Ilundain Iribarrenek garatutako lanak, eta berak eskuratu du UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak banatutako I.GRAL saria, gradu amaierako lanentzako saria. 500 euroko saria lortu du.
Bi kezka dira, nagusiki, lanaren abiapuntuak: “Batetik, ahoz kontatzeko ohitura gero eta gutxiago praktikatzen den jarduera dela, eta soinuan hitzen esanahiaren zati garrantzitsu bat dagoela ahazten ari garela. Bestetik, entzutearen eta isiltasunaren garrantzia ahazten ari garela”.
Aurrez asko landu gabeko ikuspuntu batetik heldu zion Orkoiengoak lanari: “Kontaketa eta irakurketaren arteko leihari aurre egin, eta zubi bat eraikitzen saiatzea zen helburua. Ahoz gorako irakurketa deskodetze soiletik urrundu, eta ahotsaren bitartez irakurritako horri bizia eman ahal zitzaiola”; eta Mintzola Ahozko Lantegiak gehitu duenez, “aldi berean, horiek sozializazio esperientzia bihurtzen direla, esandakoaren eta isiltasunaren arteko oreka topatuz gero”.
Sei ikertzaileren lanak eta bi argitalpen
Kepa Matxain, Jon Gurrutxaga, Maialen Akizu, Deustuko Unibertsitateko Elixabete Perez eta UPV/EHUko Antxoka Agirre eta Eñaut Agirre aritu ziren beren proiektuak aurkezten.
Horretaz gain Ane Labakak eta Xabier Aierdik bi argitalpenen berri zuten: Labakak Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen lana aurkeztu zuen, UEUk argitaratutakoa; eta Aierdik Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoa oinarri duen Kultura ez da bat-batekoa liburua, UPV/EHUk kaleratua.