Hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022an, eta finala Iruñean
Hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022an –
Txapelketa Getxon hasiko da irailaren 24an eta Euskal Herri osoan zehar jokatuko dira kanporaketak. Finala Iruñean izango da, abenduaren 18an.
Bertsozale Elkarteak aditzera eman duenez, “ibiltaria da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea da Bertsozale Elkartearen helburua. Ondorioak nabariak izan ohi dira: zaletasuna areagotzen da, bertso-eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan. Xede horrekin eta Iruñean Nafarroa Arenak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela aztertu ondoren, Bertsozale Elkarteak finala bertan egiteko erabakia hartu du”.
Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du asmoetako bat. Ez da asmo isolatua, Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu izana.
2005. urtean, Donostiatik Barakaldora
Hurrengoa, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, 1987an sortu zenetik, antolatzen duen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren hamargarren edizioa izango da. Elkarteak txapelketaren ibilbidea bildu du
Txapelketaren finalak Donostian errotuta egotetik (1935-2001), beste lurralde batean eragin asmoz, finala Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren egitea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak 2005.urtean.
Ohiko plazak, lehentasun
“Ohiko bertso plaza berreskuratzea da bertsolaritzaren mugimenduaren asmo nagusia une honetan”, jakinarazi dute antolakuntzatik. Egun abian diren lurraldeetako txapelketak hasieratik amaieraraino ahalik eta normaltasun handienarekin gauzatzeko eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren antolakuntzan ilusioz eta buru belarri ari da elkartea.
Bertsozale Elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie “1987tik gaurdaino txapelketen edo bestelako egitasmoen bitartez, bertsolaritza sustatzen eta eragiten lankide izan ditugun norbanakoei, bertso-eskolei, elkarteei eta erakundeei”.
Gontzal Agote, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kidearen adierazpenak
Hurrengo Bertsolari Txapelketa Nagusia 2022an