Hurrengo bertso udalekuak, Zuhatzan
Hurrengo bertso udalekuak, Zuhatzan –
Pasa den asteburuan egin zituzten azkeneko ekimenak Muxika eta Idauze-Mendin. Amaitu dira, beraz, uztaileko eginbeharrak, eta jada Zuhatzako udalekua da geratzen den bakarra.
Amaitu dira Muxikako (Bizkaia) eta Idauze-mendiko (Zuberoa) Bertso Udalekuak. 15-18 urte bitarteko gazteek bederatzi egun igaro dituzte haien sormena elikatuz, sormena oporrak hartzen ez dituen diziplina izaki.
Muxikan zeuden gazteak Lekeitiora joan ziren eta bertan bertso-jira egin Maddalen Arzallus eta Miren Amuriza lagun zituztela. Idauze-Mendikoek Asisko Urmeneta eta bere marrazkiak izan zituzten bidelagun Fredi Paia eta Xabi Payaren konpainiarekin. Niko Etxart bera ere agertu zen gazteekin tartetxo batez mintzatzera.
Zuhatzako udalekuak
Etena emango da abuztuko lehen erdian, eta 20an itzuliko dira udalekuak Zuhatzan (Araba). Uhartera 9-11 urte bitarteko lagunak inguratuko dira: bertsolaritza eta ur ekintzak nola uztartu daitezkeen ikasiko dute bertan.