"Hor gu!" talde bortziriarrak irabazi du 2024ko Bardoak txapelketa

Garesko Zamariain Pilotalekuan jokatu zen 2024ko Bardoen finala iragan larunbatean. Baztango ‘Baztanzopak’, Bortzirietako ‘Hor gu!’ eta Baztan-Bortzirietako ‘Mutilatuak’ taldeak igo ziren oholtzara, eta bortziriarrentzat izan zen lehen postua.

Talde bortziriarrak irabazi du 2024ko Bardoak txapelketa –

talde bortziriarrak irabazi du 2024ko Bardoak txapelketa

13 talde eta 92 parte hartzailerekin abiatu zen taldekako txapelketa. 22 saioren ondoren, aipatutako hiru taldetako hamaika bertsolari igo dira finaleko oholtzara. Euskal produktuekin osatutako saski eder bana eta Bardoetako zapia eskuratu dute hiru talde finalistek. Irabazleek Scape Room bat egiteko txartela ere jaso dute. Honako kronika zabaldu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak:

“Hasierako agurrek jarri diote abiapuntua saioari. Umoreak lagunduta, aurkezpenerako baliatu dute taldeek agurra. Horren ostean, ofizioen txandari heldu diote. Zortziko handian, Osasunako ikuskatzaileek fitxatu eta herriko taldea alboratu duen haurraren gurasoen paperetan aritu dira Irati Majuelo eta Iban Garro. Zortziko txikian, Alazne Untxalo eta Kattin Madariaga aritu dira: gau beltza dela eta Untxalo enpresako nagusiak langileak mozorratzeko mezua bidali arren, Kattin normal-normal joan da lanera. Seiko motzean aritu dira gero Maddi Ane Txoperena eta Urko Gartzia, antzerki talde bereko aktoreak, zuzendariak biak agertzen diren ikuskizunaren zati bat biluzik egiteko proposamena jasota.

Hiruna punturi erantzun diote gero Iban Garro, Irati Majuelo eta Estitxu Arozenak. Ondoren, hurrenez hurren, espartinei, VHS zintari eta sukaldeko mantalari bertso bana kantatu diote Urko Gartziak, Alazne Untxalok eta Maddi Ane Txoperenak. Horren ostean kopletan aritu dira Julen Zelaieta, Malen Alzuart eta Ekhiñe Zapiain. Graduazio bestara dotore jantzita joateko arropa bila dendan sartu berri diren unibertsitateko hiru lagunen roletik.

‘Bat, bi, hiru’ ariketan binaka aritu dira Julen Zelaieta eta Iban Garro ETBko aurkezle euskaldunak zerrendatu nahian, Malen Alzuart eta Amaia Elizagoien egunkarien izenen bila, eta Estitxu Arozena eta Maddi Ane Txoperena hezurra duten frutak aipatzen.

talde bortziriarrak irabazi du 2024ko Bardoak txapelketa

Bakarka Amaia Elizagoien, Kattin Madariaga eta Urko Gartzia aritu dira. Lehenak sukaldeko pisua gorde eta lasai bizitzea erabaki du. Bigarrenak larunbat gaua izan arren, aspaldiko partez, etxean goxo geratzea erabaki du. Hirugarrenak, aldiz, gustuko kirola berriz egingo ez duela erabaki du, eta pozik dabil.

Hirukako ofizioan, igogailuan ez gora ez behera geratu diren bizilagunen paperean kantatu dute Julen Zelaietak, Amaia Elizagoienek eta Ekhiñe Zapiainek.

Puntukako ariketak eman dio bukaera saio puntuagarri. Bortziriak-Baztango taldeko kideek elkarrekin bingo batera joatea erabaki dute. Baztangoek, aldiz, rafting-a aukeratu dute. Bortzirietako taldeak, lehenengoz sartu dira txosna batean txanda egitera. Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta, eta Bardoetan parte hartu duten beste hainbat talde saritu ostean, jakinarazi dute talde irabazlearen izena. Orduan izendatu dute Bortzirietako ‘Hor gu!’ taldea 2024ko Bardoetako txapeldun. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko, Nafarroako Bertsozale Elkarteko eta 2024ko Bardoak egitasmoko lan-taldeko hainbat ordezkarik banatu dituzte sariak. Horien ostean, bertsolari guztien azkeneko agurrekin bukatu da saioa, bertso-poteoari eta sagardotegi afariari bide emateko”.

talde bortziriarrak irabazi du 2024ko Bardoak txapelketa

Talde bortziriarrak irabazi du 2024ko Bardoak txapelketa