Hirugarren asteburua Taldekako Xilaban
Hirugarren asteburua Taldekako Xilaban –
Iragan larunbatean, Aldudeko Alfaro ostatua bete zen HASTA LA 2TORIA eta KONTRABANDA taldeen bertso saioa ikusteko, taldekako Xilabat txapelketaren baitan. Umorez beteriko saioa izan zen Aldudekoa, gai serioak ere tarteko. Bertsozale Elkartearen atarian irakurri dugunez, “bakarkako gaiekin izan zen kontraste handiena. Aspalditik maitemindurik izanik, lehen aldiz aukera bat zuela sentitu zuen Elixabet Etxandik. Amak betitik erran dio, ustea da erdi ustela dela eta bigarren bertsoan indignaturik erantzun zion mutilak “neska bat izan behar da bere lekuan umila… / aurpegira bota diot izotza eta tekila / esperantzak banituen ene bihotzean mila / aurpegira bota diot… maitasunean busti naiz, ho(r)ai bera busti dadila”. Irriz eta txaloz lehertu zen gela. Maddalen Arzallusek 25 urte daramatza preso eta 3 aldiz ukatu diote baldintzapeko askatasuna. Laugarren arrapostuaren beha da. Presoaren egunerokoa aipatu zuen, lagun eta senideen joan jinak aipatuz eta gisa honetan finitu zuen lehen bertsoa: “behingoagatik nik nahiko nuke gela hontatik atera / lehenengo aldiz joan nahi baitut nere ama ikustera”. Gerra batean sartu zenari “Aldiro kate berriak jartzen badizkiote ere berriz ezetza jasotzen badut, lasai zaizte ez naiz hilko / egun batean aterako naiz ta izanen da betiko” ez zuen txalo gutiago jaso Maddalenek”.
HASTA LA 2TORIA atera zen irabazle, final aitzinekorako sailkatuz.
Bideo gehiago ikusi nahi izanez gero, sakatu hemen.
Xaian BARÇA eta EZ OTOI PENTSA taldeak aritu ziren. Kronika idatzi duen lagunaren arabera, “agurrak beti bezala etxean ongi landuak zirela agerian gelditu zen, eta lan bat bereziki aipatzekotan hamarreko ttikiko lana aipa genezake. Hendaiako ikastolako bi guraso dira baina bi helburu desberdinekin eskolatu zituzten haurrak. Maddi Ane Txoperenak frantsesa ikasteko eta Bixente Hirigaraik euskaraz ikas dezan. Lehenak “euskara etxetik zeramala” erranik “Hendaian frantsesik ez dela ikasten ahal” erantzun zion Bixentek. Bukatzeko “Seaskak egin dezakeen bakarra euskaran eta frantsesean indarra ematea dela” entzun behar izan zuen BARÇA taldekoak eta honek errefera “gero frantsesez soilik mintzo direla plenituko direla” zehaztuz eman zuen”.
Azkenean EZ OTOI PENTSA izan zen garaile.
Hurrengoak, Amenduzen eta Azkaunen
Datorren asteburuan, ligaxken beste bi saio ospatuko dira. Biak bertsu afari formatuan.
Urriaren 11an, Amenduzeko Eiheran 19:00etan: ESKUKULA eta 4KOPLAZARA aurrez aurre.
Urriaren 12an, Azkaingo Xoko Ona ostatuan 19:00etan: EKAINAZ eta KONTRABANDA izanen dira lehian.