Hike Eizan! bertsopaper lehiaketa antolatu dute Azkoitian lehen aldiz
Hike Eizan! bertsopaper lehiaketa antolatu du Azkoitiko Udalak lehen aldiz –
Lanak aurkezteko epea zabalik da jada, maiatzaren 31ra bitarte. Azkoitiko Udalak eta Hike Eizan! egitasmoko lantaldeak antolatu dute sariketa: “Hika edo hitanoa bertsogintzan ere erabiliz, hika hizkerari oro har bultzada ematea da lehiaketaren helburua”. Adin guztietako jendeak har dezake parte.
Azkoitian hitanoaren erabilera sustatzeko, eta, bereziki, nokaren galerari buelta emateko jaio zen Hike Eizan! proiektua. Sortu zirenetik gaurdaina hamaika ekintza egin dituzte, azkena mintzagai dugun bertsopaper lehiaketa.
Antolatzaileek bi maila bereizi dituzte, gazteena (18 urte arte) eta helduena (18 urtetik gora). Sariak:
- Gazteen sailerako 250 eta 125 euroko bi sari ezarri dituzte
- Helduenerako 500 eta 250 euroko beste bi sari
- Azkoitia izeneko sari bana gazte (150 euro) zein helduentzat (300 euro).
Hike Eizan! taldeko bi kidek eta Erniarraitz bertsozale taldeko beste bik osatuko dute epaimahaia.
Bertsoen gaia, neurria eta doinua libreak dira, baina guztiak hitanoan idatzita egon beharko dira; , noka idatzitakoak “baloratu” egingo ditu epaimahaiak. Patre hartzaileek nahi bezainbeste bertsopaper aurkeztu ditzakete; gazteek gutxienez sei bertsorekin , eta helduek gutxienez zortzirekin. Halako ekimenetan ohikoa den gisan, lehiaketara aurkeztutako bertsoak “jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta inon saritu gabeak” izan beharko dira. Egileek ezizenarekin sinatu behar dituzte bertsopaperak, eta izen-emate orriarekin batera aurkeztu, udaletxeko harrera bulegoan, aurrez aurre, postaz edo telematikoki.
I. Hike Eizan! bertsopaper lehiaketaren oinarriak udalaren Azkoitia.eus webgunean kontsulta daitezke. Informazio gehiago nahi dutenek, berriz, euskara@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-85 71 75 telefono zenbakira dei dezakete.