Haira Aizpuruak jantzi du Euskal Herriko Eskolarteko txapela
250 bertsozale bildu ziren herenegun Arantzako frontoian. Hamaika bertsolari igo ziren oholtzara, eta Nahia Etcheverry izan zen txapeldunordea.
Haira Aizpuruak jantzi du Euskal Herriko Eskolarteko txapela –
36. Euskal Herriko Eskolartekoan hamaika bertsolari aritu ziren kantuan, zegokien herrialdea ordezkatuz: Arabatik Hegoi Amabizka eta Iraide Onaindia; Baxe-Nafarroatik: Nahia Etcheverry; Bizkaitik Kelmene Abaitua eta Ekhi Zuluaga; Gipuzkoatik June Aiestaran eta Joanes Azpillaga; Lapurditik Haira Aizpurua eta Unax Aizpurua; Nafarroatik Kattin Madariaga eta Kattalin Lizarraga. Ainhoa Larretxea aritu zen aurkezle eta gai-jartzaile lanetan; epaimahaia: Ainhoa Arregi, Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Jon Diaz de Mendibil eta Joseba Beltza.
Agurrekin hasi, eta jarraian zortziko handian eta zortziko txikian jardun ziren bertsolari guztiak, binaka. Ariketa horren ondoren sei lagun pasa ziren bigarren fasera: Haira Aizpurua, Kattin Madariaga, Nahia Etcheverry, Unax Aizpurua, June Aiestaran, Joanes Azpillaga. Puntu bati erantzun eta bakarka gaiari bertso bat kantatu behar izan zieten.
Epaileek haien deliberoa hartu zuten, eta Haira Aizpuruak lortu zuen lehen postua, eta Nahia Etcheverry izendatu zuten txapeldunorde. Jose Luis Sukiak jantzi zion txapela Haizpuruari, eta Ainhoa Urienek Etcheverryri.
“Egun bakarra baino gehiago izaten da Eskolartekoa. Urte hasieratik ekainera bitarteko bidea izaten da. Ia ehun bertsolari gaztek hartu dute parte lurraldeetako Eskolartekoetan. 14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea du helburu Eskolartekoak”, adierazi dute Bertsozale Elkartetik.