Gipuzkoako Ogasunak 40.000 euroko laguntza eman dio "Ombuaren itzala" dokumentalari
Patxi Bisquert da zuzendaria, eta aktoreen artean daude Sara Cozar, Ramon Agirre, Olatz Beobide, Uma Manterola, Ilaki Beraetxe, Kandela Manterola eta Joseba Usabiaga.
Gipuzkoako Ogasunak 40.000 euroko laguntza –
EGUZKI ART ZINEMAk urteak daramatza “Ombuaren Itzala” filma gauzatzeko ahaleginetan. Hainbat oztopo eta zailtasunen artean, aurrera jarraitzen dute proiektuarekin, Pedro Mari Otañok, ahanzturatik aldenduz, geure memoria kolektiboan merezi duen eran txertaturik iraun dezan, Euskal Herrian zein Argentinan.
“Sinestuta gaude proiektua aurrera atera daitekeela euskaldungoaren laguntzari esker. Horrela izan zen Otañoren garaian; berdintsu pasa den mendeko 60ko hamarkadan gertatutako berpizkunde kulturalean; eta halaxe jarraitzen dugu gaur egun ere. Herrigintzan sortzen eta loratzen baitira proiektu bizigarrienak, erakunde eta plataforma handien babesik gabe” adierazi zuten egitasmoaren bultzatzaileek ekimena martxan jartzean.
Honako adierazpenak egin ditu Irune Berasaluzek, Aldundiko bozeramaileak: “Kulturaren arloan izugarrizko garrantzia duen figura bada ere, azkenaldian apur bat ahaztuta geratu da, batez ere belaunaldi berrientzat; horrexegatik, filmak haren ondarea ezagutarazi nahi du, eta gu ere bat gatoz helburu horrekin”.