Gaur hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa
Gaur hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa –
Gaur hasiko da Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa, eta 38 talde ariko dira guztira. Dozena bat taldetan banatuta arituko dira, liga baten antzera, eta 38 saio egingo dituzte lehen txanpan. Horietatik 12 talde pasako dia bigarren fasera, hau da, multzo bakoitzeko bana; eta horien artetik lau, finalaurrekoeta. Finala, maiatzaren 27an izango da Azpeitian.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak urtarrilaren 28an aurkeztu zuen lehiaketa Azpeitian. Saroi Jauregi elkarteko lehendakariak zuen “bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi” nahi dutela txapelketarekin. Txapelketa “parte hartzaile guztiena” izango dela nabarmendu zuen, eta “lehia baino gehiago, gozamena” izango dela oinarria.
Herriz herri eta “auzolanean” antolatutako lehiaketa da, eta guztira, 267 lagunek parte hartuko dute, antolatzaile, gai-jartzaile eta bertsolariak kontutan hartuta. Taldeak ere 38 izango dira, gutxienez, seina lagunez osatutakoak: taldearen ordezkaria, gai-jartzailea, epailea eta hiru bertsolari.
Herriarteko txapelketaren irudia Mirari Sagarzazu artista oñatiarrak egin du, eta sintonia John Dinner taldeko musikariek, Asier Iriondok egindako letran oinarrituta. Aurreneko saioak datorren ostiralean jokatuko dituzte, Azkoitian, Lasarten eta Zarautzen. Gainontzeko saioen datak eta tokiak aurrerago jakinaraziko dituzte.
TXAPELKETA
- Lehen fasea. Otsailaren 3tik martxoaren 12ra. Talde guztiak 12 multzotan banatu dira eta ligaxka moduan jokatuko dute. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da.
- Bigarren fasea. Martxoaren 23tik apirilaren 9ra. Sailkatutako 12 taldeak 4 multzotan banatuko dira, hirunaka. Multzo bakoitzetik talde bakarra sailkatuko da.
- Finalaurrekoak: Maiatzaren 6an (Alegian) eta maiatzaren 13an (Bergaran). Bakoitzean bina talde.
- Finala: Maiatzaren 27an, Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan.