Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak batzar orokorra ospatu du Senperen
2024 urteari itxiera eman eta 2025 urteko egitasmoa eta aurrekontua onartu dira.
Elkarteak batzar orokorra ospatu du Senperen –
Larraldea etxea 20 urtez izan da Bertsularien Lagunak Elkartearen egoitza, eta aurten agur esango diote; horregatik egin da batzar nagusia bertan.. Oier Iurramendik esker oneko hitzak izan ditu bertako Andoni Iturriotz ugazabarentzat, eta Ainhoa Urien lehendakaritzako kidea egon da berekin batera saioa gidatzen.
Lehendakaritzako kideek hartu dute hitza lehenbizi. Bizi ditugun “garai arrakalatsu, oldarkor eta sormenerako korapilatsuak” izan dituzte aipagai Onintza Enbeitak eta Sustrai Colinak, eta koiuntura horretan “elkartea babesleku ederra dela” azpimarratu, batzeko deia egiteaz batera.
Lan taldea “azalberrituta eta indarberrituta” dagoela defenditu du Iurramendik. 2025ari begiratzeko, 2018ko Gogoeta Estrategikoari heldu behar zaiola azaldu du, ibilbidearen erdia jada egina dutela baieztatuz. “Zer egin dugun, zer egiten ari garen, nola ari garen eta zer falta zaigun jakiteak hurrengo urteetarako pista asko emango dizkigu. Beraz, 2025ean zehaztu ziren helburuen eta ekintzen errebisioa egingo dugu”.
Urienek gogorarazi du sei urte igaro direla Gogoeta Estrategikoa egin zenetik, eta hiru Eraso Matxistei Aurre Egiteko Protokoloa indarrean jarri zenetik. Urien: “Sortu zenetik izaera ezberdineko hainbat eta hainbat kasu kudeatu dira”. Plan feministak Elkarte osoa blaitu behar duela esan du Urienek, eta jarraian plan feminista aztertzeari ekin dio Eneritz Urkolak.
Ondoren 2024 urteko memoriari eta 2025eko egitasmoei heldu diete: Xenpelar Dokumentazio Zentroa eta Ikerkuntza; Hezkuntza; Sustapena; Hedapena; Komunikazioa; finantzak…
Xabi Igoa lehendakaritzako kideak eta Aritz Zerain Finantza Berrikuntza arduradunak desorekak orekatzeko dagoen dinamikan jarri dute azpimarra, eta, 2025ari begira, baikorrak direla adierazi. Jarraian herrialdeetako ordezkariek hitz egin dute: Arabako Bertsozale Elkartea, Bertsularien Lagunak Elkartea, Bizkaiko Bertsozale Elkartea, Gipuzkoako Bertsozale Elkartea eta Nafarroako Bertsozale Elkartea.
Elkarteak “errotzen jarraitzeko bezain beste salto egiteko moduko lur eremu sendoa” duela adierazi du Urienek, baita lanerako interesgarria eta fruitu interesgarriak eman ditzakeena dela esanez amaitu. Kattalin Elizalde kolegioan antolatutako bazkariarekin eman diote amaiera batzarrari.