Etxahun nagusi, Beotibar pilotalekuko eltzean
Beñat Lizaso Alberdi, Eneko Lazkoz Martinez, Etxahun Lekue Etxeberria, Jon Maia Soria, Maddalen Arzallus Antia eta Xabat Galletebeitia bertsolariak igo dira gaur arratsaldez Tolosako Beotibar pilotaleku historikoko oholtzara. Azken txapelketetan herri bereko Usabal kiroldegiaren handitasuna dastatu ostean, hainbeste tanto on eta bertso zirraragarriren lekuko izan den Beotibar pilotalekuak enegarrenez hartu du saio “haundi” bat.
Sarrera guztiak salduta, 1200 lagunentzako lekua pilotalekuko kantxako aulkietan zein oilategian eta hori guztia gutxi balitz, arratsaldeko lauretan ateak zabaltzerako jende andana kanpoan zain! Zer duen, txapelketak… Okasio handietan arnasten den giroa sumatzen da, oraindik ere bertsozale finenen gogoan baitaude Arkaitz Goikoetxeak 2001ean leku magiko honetan botatako bertso gogoangarri haiek, “bizitza luzatzeko aukera dagoela diote zientzialariek” edo halako zer edo zer zioen gaiari erantzunez: “…ez dut esaten natura denik / erabili eta bota // baina zergatik joan behar dugu / beti naturaren kontra”. Orduko hartan Beotibar behera etorri ez bazen, ez dugu uste gaur behera etorriko denik, baina nork daki…
Seikotea aztertzen hasita, ez gara Tolosakoa final laurdenetako saiorik erakargarriena zenik esatera ausartzen aurrez, baina erakargarrienetakoa zenik ezin uka, kantuan aritu diren bertsolariak nor diren kontuan hartzeaz gain final laurdenetako azken saioa izan baita Tolosakoa. Haserako agurretatik hasita, nabari zen bertsolariengan ez ezik baita zaletuengan ere, horrelako zitek izan ohi duten lurrin berezi hori. Adibide bezala, hona hemen Jon Maiaren eta Beñat Lizasoren haserako agurrak, publikoak erruz txalotu dituenak:
Berez ez nekien eta
erakutsi zidatena
eginez arte zahar honi
eman diot jarraipena
biak ezagutu ditut
porrota ta garaipena
bitatik elikatzen da
pertsonaren garapena
barkaidazue rollo hau
ez nuke eman nahi pena
hamaika urtetxo dauzkat
ta Jon da nere izena
arratsaldeon Tolosa
gaur berriz hasten da dena.
Arratsaldeon denoi
hasi da partida
nor iritsiko ote
da hogeita bira
apustu egin kontuz
jokatu neurrira
nahiz beste batzuk duten
izarren dizdira
partidak jokatuta
irabazten dira.
Jon Zalduak gidatu du saioa, eta agurren ondotik 8ko nagusiko ariketak eman die hasera lan puntuagarriei. Ofizio ederrak entzuteko aukera izan dugu, eta guztiak izan diren ongi txalotuak, Xabat Galletebeitia eta Etxahun Lekuek osatu dutena aukeratu dugu. Kale garbitzaileen paperean jarri ditu Zalduak, eta lanean ari direla euren aurrean norbaitek garagardo lata bat lurrera bota du. Xabat hasita, hona osatu duten bertsoaldia:
Ihauteriak dira Tolosan
gaude hau garbitzeko gu
pasa ditugu banku ugari,
azera edo ta zoru
ta aurrekoak garagardoa
bota digu halamodu
eta gainera kontzientzia
oso garbi izango du.
Ai, bada hori pentsatzen badau
behingoz birzikla daiala
ihauteritan goizeko txanda
hain dogu txanda petrala
lata bota dau ta guri barre
egin dosku berehala
eta gainera pentsatuko dau
gu baino gehiago dala.
Agian izan daiteke hori
beste zerbaiten sintoma
lehenbizi lata ta gero pixaz
zikinduko baitu horma
baina zer pentsa ez ote dizu
honek ematen gizona,
biok karrera bana izanda
nola heldu garen hona.
Hona iritsi arte bidea
zer dala eta deskriba,
garbitzaileena beharra izatez
oso duina da, tira,
zuk tipo horren jarrera horreri
jarri mesedez begira
parrandan sarri mozorro denak
erantzi egiten dira.
Kendu daitezke maskarak eta
halere segi barrezka
bost axola da zaharra, gaztea,
mutila edo ta neska
guri beharra tokatzen zaigu
ta besteei berriz festa
kontrakoa uste arren jendea
zabor hutsa baino ez da.
Uste gogorra dekozu Xabat
nik horrenbestekorik ez
jente ona be topatu leike
zu eta ni adibidez
kaleak garbi itxi daiguzan
geure ahaleginan bidez
segi dagigun erratza hartuta
existituko ez balitz lez.
Lanetan aurrera eginaz, 8ko nagusiko ariketak 8ko txikikoari eman dio paso. Ariketa honetan ere, Etxahun protagonista, uneoro besteen gainetik ari denaren segurtasunaz eginaz bertsotan. Zinemagintza ikasitakoak dira Maddalen Artzallus eta Etxahun Lekue. Gaur egun Etxahun zine zuzendaria da eta Maialen kritikaria, Etxahunen azken filmari kritika zorrotza egin diona, hain juxtu.
Nire ustez egin dot
filme bat itzela
ta zuri irakurri
hau dala ustela
karreran zuk kontatzen
zenduan horrela
kritikoak zuzendari
frustratuak zirela.
Aktoreak pagatu
dituzu kario
baina ez du ez trama
ta ez argudio
frustratu bati entzun
zaiozu serio
porno txar baterako
ere ez du balio.
Zureak irakurri
ta ene, dilemak
pentsatu dot akabo
Etxahunen problemak
izan be euki dabenak
kritika txarrenak
dira audientzi gehien
eukiten dabenak.
Baina audientzia
izan duzu gutxi
nola paisaia ere
zegoen itsusi
askoz pertsona gehio
zezakeen ikusi
hartu izan baninduzu
aktore nagusi.
Orain emon dostezu
beste zenbait datu
kontua apurka-apurka
argitu ein jaku
izatez zu zaitugu
Maialen, barkatu
zuzendari frustratu
ta aktore frustratu.
Baina kritikan badut
hamaika bertute
hortarako ikasi
ditut hiru urte
saria zuri edo
emango nizuke
pelikula txarrenek
Oskarrik balute.
Saio osoan zehar dizdira bereziki handirik gabeko Jon Maia bat ikusi dugu oholtza gainean, eta berak egindako lanen artean puntu erantzunen ariketan egindako bertsoaldia aukeratuko genuke saioko onentsuena bezala. Finalerdietan kantuan ariko da zumaiarra, baina amildegia ere ez du urruti izan gaur Tolosan. Ziur txapelketak aurrera egin ahala goruntz egingo duela berak ere.
Herri bakar batean
hamaika kultura
eta bakoitzak dauka
beraren itxura
guk zaindu behar degu
maite dugun hura
eta zaintzeaz gaindi
eraman mundura.
Aberasgarria da
desberdintasuna
kultura orok dauka
bere oihartzuna
beti beharrezkoa
ez da batasuna
guztiontzat altxorra
aa aniztasuna.
Zenbat ezagutzeko
eta ikasteko
gizakiak asko du
neurrian hazteko
mundura joan gaitezen
denak ikusteko
ikusten den guztia
da irabazteko.
10eko txikiko ariketari dagokionez, Jon Maia eta Xabat Galletebeitiak osaturiko ariketa aukeratu dugu. Elkarrizketa gogoangarria osatu dute, eta bereziki deigarriak dira bertso bakoitzean Xabatek botatako tarteko puntuak, kasik bere bertsoen bukaerak baino indartsuagoak. Adineko pertsonak dira Xabat eta Jon, egunero herriko jatetxe berean bazkaltzen dute, mahai berean eta bakarrik, eta gaur Xabat hurbildu zaio Joni berekin eser daitekeen galdezka. Irakurri, eta gozatu:
Orain artekoa ere
ez zenez normala
eskertzen dizut Xabat
eta berehala
zerbitzariak zerbait
ekarri dezala
eguneko menua
bihurtu da hala
astean behingoagatik
menu espeziala.
Baina ez itzazu bota
hainbeste konfeti
espagetia baita
beti espageti
zermoduz zabiltza jon
ni nago ederki
halere nekatu naiz
Jainkoak baleki
babak neure eltzetik
ateratzen beti.
Ni bezelaxe zera
agure bat zaharra
aspaldi zuritua
daramat bizarra
espagetientzako
falta dut indarra
ta beraz konpainia
ez da gauza txarra
bi bakardade baino
hobe bat bakarra.
Bakardadea ez da
gauza oparoa
horregatik berotu
nahi dizut alboa
bata ile zuria
bestea kalboa
baina bakoitza bere
bidetik badoa
eta lasai ni ez naiz
horren arraroa.
Batera egiten degu
kutxilloaz dardar
eta batera egin
garbantzutan indar
batera egin degu
gainera irripar
eta batera egin
dezakegu negar
baina gazta tarta ez det
konpartitu behar.
Lasai biok mantendu
gaitezke orekan
hara zerbitzaria
dago hemen bertan
amaitu dugu jana
ta oraindik berbetan
zertarako nentorren
diotsut benetan
gaurkoa ordaintzeko
dirurik ez neukan.
Saioko azken zatiari dagokionez, ondorengo gaia proposatu du gaijartzaileak: “inoiz ez bezalako besarkada eman dizu aitak”. Kartzelako lan ederrak entzun genituen eta zaila da bat aukeratzea. Denak jarri ezin eta, Beñat Lizasok egindako lana da ondorengoa:
Bertso munduan nahiz ta izan nitun
une gogorrak hamaika
nere bizitza zer sentitzen dan
inoiz ez nion nahi aipa
saio bat hasi aurretik beti
daukat atzetik jarraika
azken batean bera re nire
gisan bertsolari baita
hemen balantza nahiz ta daukagun
aurrera sailka edo ez sailka
mundua ez da hemen bukatzen
beraz lasai zaitez aita.
Esaten diot nere saiotan
ahal bada ezkutuan gorde
nik ez bazaitut ikusten nola
den gu biontzako hobe
baina igota laister egin naiz
zure begiradan jabe
nik bakarrik ez aita zu ere
pixka bat urduri zaude
aita beti da aita ta hori
da jangoikoaren lege
hemen ederki sufritzen dula
entzuten dagonak ere.
Gaurko saioa irabazi det
ta oholtzatik jaistean
ze estutua eman didazun
neregana iristean
zenbat aholku eman zenidan
bertso kantari hastean
ze begirazun ze errieta
bertson baten nahastean
baina gaurkoan merezi nuen
hala da nere ustean
ze besarkada ote datorkit
txapela irabaztean…
Azkenean, ondorengoa izan zen saioko puntuazioa:
Etxahun Lekue 673
Maddalen Artzallus 670
Jon Maia 662.5
Beñat Lizaso 646.5
Xabat Galletebeitia 636
Eneko Lazkoz 607
Tolosako saioak, final laurdenetako azkeneko saioa izaki, zehaztuta utzi du hurrengo fasera pasa diren bertsolarien zerrenda: hona hemen, hortaz, txartela lortu duen tropela, bakoitzak azken laurdenetan lorturiko puntuazio eta guzti:
Oihana Iguaran 714.00
Alaia Martin 712.00
Miren Amuriza 700.50
Nerea Ibarzabal 698.50
Agin Laburu 686.00
Iñaki Apalategi 685.00
Julio Soto 678.50
Unai Agirre 674.50
Jon Martin 673.50
Etxahun Lekue 673
Maddalen Artzallus 670
Nerea Elustondo 665.50
Jon Maia 662.5
Jone Uria 662.00
Nahikari Gabilondo 661.50
Miren Artetxe 661.50
Beñat Iguaran 655.50
Aimar Karrika 651.50
Hurrengo saioa, urriaren 28an, Bastidan. Baina hori beste kontu bat izango da…