Emakumeen Haria eguna ospatu dute Subijana etxean
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza memoria historikoari eskainitako egun baten erdigunea izan da.
Emakumeen Haria eguna ospatu dute Subijana etxean –
Lehenik lehengo eta oraingo langileak elkartu zituzten argazki bat ateratzeko. Jarraian, Subijana etxeko ganbaran, Beatriz Unzue alkateak egin zien harrera hurbildutakoei eta eskerrak eman zizkien bertan lan egin zuten langileei, euren lana aitortuz, baita egun Bertsozale Elkarteak egiten duena ere. Ondoren, Fanny Alonso eta oihal fabrika zaharrean lanean aritutako emakumeak mintzatu ziren. Azkenik, Bertsozale Elkarteko Aritz Zerainek gaur egun Bertsozale Elkarteak egiten duen lanaren nondik norakoak azaldu zituen.
Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok horma-irudi bat egin dute elkartearen egoitzan, eta sorkuntza prozesua nolakoa izan den azaldu zieten bertaratutakoei,”emakumeen istorioak lehen planora ekartzeko beharra” nabarmenduz. Horma-irudiak Maialen Lujanbioren bertso bat darama.
Historiaren fardotik
saltatu ta tira
hamar lerro hitzezko
hamar metxa dira
lerrotik errimara
metxatik harira
kanillatatik pasa
ta ahotsa argira…
Eskuen memoria
bertsotan ari da.
Eguneko gaiaren inguruko bertso saioa egin zen, amaitzeko. “Bertso saio tematikoak, 1880-1960 urte bitarteko Subijana oihal fabrikaren barrura sartzeko aukera eman zuen”, adierazi dute antolatzaileek. Amaia Agirrek gidatu zuen saioa eta kantuan aritu ziren Alaia Martin, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran bertsolariak.