Emakume bertsolariek jaso dute Jaizkibel konpainiaren zapia
Emakume bertsolariek jaso dute Jaizkibel konpainiaren zapia –
Emakume bertsolariek jaso dute aurten Jaizkibel konpainia parekidearen zapia, Hondarribia Berdintasunaren Hiria Sariko hirugarren ekitaldiko ikur sinbolikoa. Larunbatean egingo zen sari banaketa, Jaizkibelek egindako lehen entseguaren atsedenaldian.
Hirugarren ekitaldiko epaimahaiak aitortza egin nahi izan die emakume bertsolariei, zirenei, direnei, eta izango direnei. “Saria emakume bertsolariei ematen zaie, aspaldikoei, duela gutxikoei eta oraingoei, mendetan gizonezkoen mundua izan den horretan berdintasuna txertatu dutelako”.
2015 urtean sortu zuten Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria, “emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egin duten pertsonak edo erakundeak” kontutan hartzeko. Orduan Donostiako Kresala, Zumarragako Irrintzi eta Tolosako Udaberri taldeek jaso zuten saria, “jaiaren mamia aldatu gabe eta erakundeen laguntzaz, emakumeen parte hartzea lortu duten taldeen izenean”. Iaz Iruñeko herriak jaso zuen errekonozimentua, “festetan gertatutako sexu erasoei emandako erantzun sendo, zabal eta tinkoagatik”.
Jaizkibel konpainiak azpimarratu du parekidetasunaren alde lan egiten dutenei onarpena egitea eta Alarde Egunean zabaltzen den irudia aldatzea bilatzen du Hondarribia Berdintasunaren Hiria sariak: “Askorentzat Hondarribia plastiko beltzen hiria da, gure herriaren izena entzun eta horixe datorkie gogora. Hori aldatu nahi genuelako, Hondarribia emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasunaren ikur bihurtu nahi genuelako antolatu genuen saria”.