Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo garaile Bertsokabiko bigarren kanporaketan
Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo garaile Bertsokabiko bigarren kanporaketan –
Iruñeko Zabaldi Elkartasunaren Etxean jokatu zen joan den ostegunean II. BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketaren bigarren kanporaketa. Sei bertsolari oholtzan, hiru bikotetan banatuta: Ekain Alegre eta Iker Gorosterrazu, Mikel Lasarte eta Sarai Robles eta Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo. Gai-jartzaile eta aurkezle zereginetan Asier Garcia. Bost ikusle aritu ziren epaile lanetan, eta haiekin batera, Amaia Telletxea eta Joseba Beltza.
Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjok osatutako bikotea izan zen saioko irabazlea, eta urriaren 24an Iruñeko Herriko Tabernan egingo den finalerako txartela eskuratu dute. Bertan izango dira Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi ere, aurreko asteko irabazleak.
- Lehenbizi, gaia emanda, ofiziotan aritu dira sei bertsolariak, binaka, bikoteak nahastuz.
- Segidillaren txandan, minutu bateko bina txanda osatu dituzte Iker Gorosterrazuk, Mikel Lasartek eta Josu Sanjurjok, erritmo bizian.
- ‘Bat, bi, hiru’ jokoaren tartean, A-z hasitako Nafarroako herriak, euskal musika taldeak eta barazkiak zerrendatzen ibili dira puntuka hiru bikoteak.
- Bakarkako ariketa Ekain Alegrek, Sarai Roblesek eta Ekhiñe Zapiainek bete dute, oinak emanda habanera bana osatuz.
- Saioa amaitzeko, koplaka aritu dira hiru bikoteak, gaia emanda.
Hirugarren eta azken kanporaketa, ostegunean
Urriaren 17an jokatuko da Mendillorriko Antzara gunean 19:00etan. Oholtzan: Alazne Untxalo eta Irati Majuelo, Endika Legarra eta Joanes Illarregi eta Etxahun Azkarraga eta Patxi Castillo. Irabazlea urriaren 24ko finalera sailkatuko da.