Ekainaren 4ean Xenpelar Dokumentazio Zentroaren jardunaldiak ospatuko dira

Xenpelar Dokumentazio Zentroaren jardunaldiak –

Soinu artxiboen egitasmo eta esperientziak partekatzeko gunea sortuko dute XDZ-ekoek. Subijana etxean nahiz online jarraitzeko, izena eman behar da ekainaren 3a baino lehen.
 
Xenpelar Dokumentazio Zentroaren jardunaldiak
 

Iazko etenaren ondotik, Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak berreskuratuko dituzte aurten. “Dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatzeko eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren jardunaldiok, eta aurtengoan, soinu artxiboen egitasmo eta esperientziak partekatuko ditugu”, irakurri dugu Mintzolaren atarian.

Eman izena aretoan bertan edo online jarraitzeko

Soinuzko dokumentazioaren ezaugarrietan begirada jarri eta audio fitxategien bilketa, antolaketa eta zabalkundearen inguruan izandako esperientziak eta kezkak plazaratu nahi dituzte antolatzaileek. Soinu bildumek helburu eta funtzio desberdinak dituzte baliatzen diren esparruaren arabera, eta horregatik, gaiari hainbat ertzetatik begiratzea ahalbidetuko duten hizlariak gonbidatu dituzte: batetik, Euskadi Irratiko fonotekari buruz ariko dira Iñigo Ceberio eta Irati Etxezabal; bestetik, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa aurkeztuko digute Euskaltzaindiko Adolfo Arejitak eta Amaia Jauregizarrek; Jon Eskisabalek Badok Euskal Musikaren Ataria aurkeztuko du ondoren; eta segidan sortzaileen eta ikertzaileen esperientzien berri izango da, Xabier Erkiziaren eta Marie Bidart-Hirigoyenen eskutik. Egitaraua zehazki ikus dezakezu hemen.

Ekainaren 4an izango da hitzordua, ostiralez, 10:00etatik 14:00etara. Amasa-Villabonako Subijana etxean jarraitu ahal izango dira jardunaldiok, baina baita etxetik ere: modu baterako zein besterako izena eman behar da aurretik hemen. Dokumentazio alorreko profesionalek ez ezik, gaian interesa duen edonork eman dezake izena.

Zazpigarren edizioa dute jardunaldiek. Xenpelar Dokumentazio Zentroak antolatu ditu, Bertsozale Elkartea eta Mintzola Ahozko Lantegia tartean, eta ALDEE Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea eta Badok Euskal Musikaren Ataria dira laguntzaileak.

Xenpelar Dokumentazio Zentroaren jardunaldiak