Bilboko jaietan desafioa
Bilboko jaietan desafioa –
Lehertu dira Bilboko jaiak, eta festak irentsiko ditu hiria eta hiritarrak; tartean, noski, bertsozaleak. Bertsoak izanen du bere plaza hiriburu bizkaitarrean, eta eskaintza horren atal bat Algara konpartsaren eskutik datorkigu. Horrela definitzen dute beren burua:
“Konpartsa euskalduna gara, euskaraz bizi nahi dugun ikasle, irakasle, euskaldunzahar eta euskaldunberriz osatua. Konpartsa anitza gara, euskaraz normaltasunez bizitzeko nahiak batzen gaitu, eta nahi hori gauzatu egiten dugu Algaran. Zenbat Gara elkarte euskaldunaren eskutik 1994an sortua, Algarak Zenbat Gararen filosofia eta ikuspegi soziolinguistikoa jai esparrura eramaten ditu: ekimen gozagarri eta erakargarrien bidez erdaldunak euskarara hurbiltzea, ikasteko motibatzea, dakitenen erabilera sustatzea eta gure hizkuntzan bizitzeko aukera gauzatzea dira Algararen helburuak.”
Algarako adiskideek antolatuta bertso desafioaz gozatzeko tartea izango dugu datorren ostegunean, abuztuak 24. Bortzirietako, Urretxu-Zumarragako eta Bilboko “Pottojorran” bertso eskoletako lagunen arteko erronka egingo da txosnagunean, Bertso Truk ekimenaren baitan. Eguerdiko 13:00etan bertso poteoa egingo dute txosnagune osoan, Algaratik hasita, eta 14:30etan bertso bazkaria izango da, Roberto Etxebarria trikitilariak lagunduta.