Bertsolariei buruzko II. ikerketa egingo du Bertsozale Elkarteak
Aurrekaria 1987koada, eta JAKIN aldizkariak argitaratu zuen bere 44. zenbakian. Ez dago azaldu beharrik zenbait aldatu den mundua ordutik hona, eta beraz, heldu da argazkia eguneratzeko tenorea.
1987ko ikerketako galderak hartu dira kontutan galdeketa diseinatzerakoan, eta propio sortutako talde bat aritu da horretan burubelarri. Batzordeko kide dira Bertsozale Elkarteko hainbat borondatezko eta soldatapeko zein soziologian adituak diren EHUko bi irakasle. Batzorde horrek hautatu eta formulatu du galdera sorta, baina aurretiaz orotariko ekarpenak jaso ditu eragile askorengandik: Bertsozale Elkarteko sailek, herrialdeetako elkarteek zein Ahalduntze Bertso Eskolako kideek hartu dute parte. Galdetegiak dituen 50 galderak sei ataletan multzokatu dituzte: zu-hizkuntzak-kultura, bertsozaletasuna, bertsolari, bertso eskola, Bertsozale Elkartea eta saioen antolaketa.
Elkarteak ahalik eta lagin adierazgarriena bildu nahi du, eta, beraz, inkesta bertsolari talde zabal bati helaraziko zaio: Bertsolaritzaren Datu Basearen arabera 2022 eta 2023 urteetan gutxienez saio batean aritu ziren bertsolariek jasoko dute inkesta anonimoki betetzeko deia. Hala ere, gerta liteke galdetegia aipatu baldintza betetzen duen bertsolari batengana ez iristea. Kasu horretan, galdetegia bidaliko litzaioke eskaera azaroaren 20an baino lehen eginez gero, Bertsozale Elkartera deituta edo ikerkuntza@bertsozale.eus helbidera idatzita.
AZTIKER Ikergunearen bidez bidaliko da galdetegia. AZTIKER bera jarriko da bertsolariekin harremanetan, azaroko lehen hamabostaldian. Erantzun guztiak jasotakoan, horiek landu, ondorioak atera eta txostena idatziko du ikerketaren batzordeak. Ondotik, txosten hori bera baliatuko du ikerketaren bigarren atala, kualitatiboa, diseinatzeko; hots, banakako elkarrizketak eta tailerrak.