Bertsolari aldizkariaren I. Bertso Idatzi Lehiaketako irabazleak
Bertsolari aldizkariaren I. Bertso Idatzi Lehiaketako irabazleak –
Gure lehen bertso idatzi lehiaketa antolatu dugu aurten kunplitu berri ditugun 30 urteen karietara, eta hamaika sorta jaso ditugu. Mila esker parte hartzaile guztiei! Etorkizunean horrelako gehiago egiteko bultzada eman diguzue.
Epaimahaikideak Mikel Mendizabal, Ekaitz Goikoetxea eta Eli Pagola izan dira. Haiek hartu dute hartu beharreko erabakia, buruari makina bat buelta eman eta gero.
Sari ederrak jasoko ditute irabazleek, baina sari handiena, gure iduriko, norberaren bertso sorta kantu bilakatua ikustea da. Orain Oskar Estanga bertsolari eta musikariaren txanda da. Hurrengo astetik aurrera astero Estangak musikatu duen bertso sorta irabazleetako bat publikatuko dugu.
Zorionak irabazleei, bejondeizuela parte hartzaile guztioi, eta mila esker sariak banatzeko ekarpena egin duten enpresa guztiei.
Hurrengo urtean gehiago!
Arg: Idoia Zabaleta (FOKU-Berria)
Gaztetxoen kategoria (14 urte arte)
Lehen saria: Araitz Ramos, Maddi Lasa eta Urko Ormazabal. 13-14 urte, Lasarte-Oria.
Gela Urdina scaperoom-erako (Zarautz, Gipuzkoa) lau sarrera eskuratu dituzte, baita Ternuako kamiseta bat ere. Aupa zuek!
KE BELTZA GURE INGURUAN
Doinua: Haizea dator ifarraldetik
Munstro berri bat eraiki zuten
gaiztoa bezain garratza
dagoeneko eten dueña
herri on baten arnasa.
Ingurukoak isilaraziz
egin zuten euren kasa,
ostu zieten herritarrei
zuten botere eskasa.
Erraustegiak handitu zuen
intzidentziaren tasa,
orain airean barrena dabil
gure zaborraren gasa.
Eskolan bertan eraiki zuten
baldintza txarregietan
etxe ondoan nahi ez zutena
ipiniz gure lurretan.
Ezin da lore berririk jaio
tristuraren errautsetan
eta zaharrak itota daude
ezintasun malkoetan.
Gure indarrak xahutu dira
jada borroka honetan,
eskola belztu zigutenetik
deabruan itzaletan.
Ustelkeria hustu ezean
itzaliko da argia
ez daigun a(ha)ztu hor dagoela
bailara honen zoria;
Batu gaitezen sendatzekotan
sortu diguten zauria,
hau baita euskal gizartearen
aurkako hondamendia
ta laino beltzek ez estaltzeko
herriaren memoria
esku bietan eutsi dezagun
geroaren miraria.
Bigarren saria: Maitexa Iriarte. 13 urte, Ibarla
Bere etxean jasoko ditu Bertsolari aldizkariak argitaratutako komiki eta liburu sorta, baita Ternuako kamiseta bat ere. Biba Maitexa!
Bertso eskola
Doinua: Kantuz sortu naiz eta
1/Asteartetan dugu 2/Kondatuko dauziegu
guk bertso-eskola sekretu bat, huna :
ez badu_iduri ere Aitzakia bezala
buruko kirola baliatzen duguna
bertso on bat egitea atsaskariari esker
da sartzea gola bertsoa laguna
asteartez emeki eta gainera beti
pasten ikastola da biziki huna
erakaslea salbu guk, eta guk bakarrik
nehor ez kakola dugun ondasuna
Bertsolari bikainak asteart guzietako
bihurtuko hola ! kinder erresuma !
3/Baina atsaskariek
ezin ordezkatu
gure erakasleak
dohain ainitz baitu
berari esker gira
lehiaketan batu
gordetzen badugu_ere
betitik maitatu
lehen kurtsoan zauku
bihotzean sartu
« Xan xure eskertzeko
bertso hau asmatu »
Helduen kategoria (14 urtetik goiti)
Lehen saria: Iñigo Legorburu Arregi. 44 urte, Hernani
Elkano scaperoom-erako bi sarrera eta Kabian apartamentuetan gau bat bi lagunentzat (Getaria, Gipuzkoa), baita Ternuako kamiseta bat ere. Zorionak Iñigo!
BULARRETIK MINTZO
Doinua: Amaren bularra (X. Lete)
Hitzartuta bezala,
ilunabarrean
aspaldiko promesa
baten aparrean
hasi da abentura…
diot marmarrean
nerabea zarela
ahaztu xamarrean.
Estrainekoz, eskutik
estilo zaharrean
nerbioek barrutik
gu jan beharrean…
Normaltasun eria
denez indarrean
zenbat lehenengo aldi,
aldi bakarrean!
Eritasuna gaixo
jarri bitartean
konplize izatera
garamatzate han.
Ileapaindegiko
eskaparatean
diozu ezin gara
gelditu atean!
Ziurtasunez niri
hori esatean
esperantza piztu da
nire aldartean…
Harrotasunez bete
nauzu bat-batean
zu zarenaren zati
biok izatean.
Emozioz dardarka
daukazu kokotza
baina ausarki moztu
dizute mototsa:
Ama, bizi duzuna
gaur ez zait arrotza,
zure ile-ordea
jada ez da motza!
Kimio, goragale
ta beldur bakoitza
urrun nabari ditut,
urrun heriotza!
Hil ordez, ile-orde…
ta akabo lotsa!
Bularraren ordezko
dut zure bihotza.
Bigarren saria: Mikel Retolaza Etxebarria. 27 urte, Busturia
Honako saria eskuratu du: Eleizondo Landaetxean gau bat bi lagunentzat eta Lasturko tabernan otordu bana bi lagunentzat, baita Ternuako kamiseta bat ere. Gozatu, Mikel!
“HOZKAILU ZAHARRARI”
Doinua: Potajearena
Jaki goxoak arin
joaten zaizkizu bai
trukean gordez inork
ez dituenak nahi
paregabea zara
onartzen dut lasai
urteen joanean
bihurtu zara, ai!
nire lagun min eta
baskularen etsai
Imanez eusten duzu
zita zein oharra,
salbu mantenduz gure
memoria txarra
gainera eginda ere
mesede edarra,
ez al da injustizi
potolo xamarra
besteok betetzeko
zu hustu beharra?
Omenaldi txiki bat
zen gure erronka
ta horrela irten da
zuretzako sorta
segi gauzak gordetzen
nahiz ta gero bota
hemen segi dezazun
egin daigun topa,
hain hotza izateak
ez digu inporta!