Bertsoa eta pilota uztartuko dira Udaberri torneoan
Bertsoa eta pilota uztartuko dira Udaberri torneoan –
“Kirola, kultura eta berdintasuna uztartuko ditu bertsoa eta pilota batzen dituen Udaberri torneoak”, adierazi dute antolatzaileek. Sei jaialdik osatuko dute txapelketa, eta finala Beasaingo Antzizar kiroldegian jokatuko da ekainaren 2an. Igartzako jauregian egindako aurkezpenean Ados pilota enpresako ordezkariak, txapelketan parte hartuko duten pilotariak, bertsolariak, alkatea eta kirol zinegotzia izan dira.
Leire Artola alkateak egin ditu honako adierazpenak: “Udalak bertako kirolak sustatzeko duen konpromisoarekin bat dator, esku pilota gure nortasunari lotutako kirola baita eta era berean berdintasun irizpideei jarraituz gizonezkoen pilota jaialdien antzera emakumezkoenak ere antolatu eta sustatzeko konpromisoa hartu du honela udal gobernuak”.
Euskal Herriko punta-puntako emakume pilotariak izango dira Udaberri torneoan. Lau taldetan banatuak izango dira 12 pilotariak; talde bakoitzean 3 pilotari eta bertsolariak botillero lanak egingo ditu. Liga fasean talde guztiak elkarren aurka arituko dira, guztira sei jaialdi burutuko dira ondorengo herrietan: Altsasu (maiatzak 5), Itziar (maiatzak 14), Azpeitia (maiatzak 14), Ataun (maiatzak 19), Zubieta (maiatzak 20) eta Zumaian (maiatzak 27). Jaialdian lau terdiko buruz buruko partidu bat eta binakako beste bat jokatuko da eta bi puntu banatuko dira jaialdiko. Liga fasea amaitzean puntu gehien batu dituzten bi taldeak final handia jokatuko dute Beasaingo Antzizar kiroldegian ekainaren 2an.
Lau taldeak honela daude izendatuta eta osatuta: Eguzkiloreak taldean pilotariak Zabala, Ruiz de Larramendi eta Arrieta eta botillero Angel Mari Peñagarikano. Mitxoletak taldean, Barrokal; Mujika eta Aldaregia eta botillero Nerea Elustondo. Kukuprakak taldean, Iturriaga, Agirre eta Orbegozo pilotariak eta Aitor Sarriegi botillero. Eta Bitxiloreak taldean, Etxebeste, Etxekolonea eta Ruiz de Infante pilotariak Maialen Akizu bertsolariak gidatuko ditu botillero lanak eginez. Botilleroek erabakiko dute zein pilotarik jokatuko duten lau terdian eta zein binaka.