Bertso-kopla onenaren lehiaketa Araban

Bertso-kopla onenaren lehiaketa Araban-

Hamalau urte arteko gazteentzako bertso eta bideo lehiaketa antolatu dute Arabako Bertsozale Elkarteak eta Arabako ALEAk; irabazleentzako, taldean gozatzeko sariak izango dira, eskualde bakoitzeko kopla onenari emanak.

Bertso-kopla onenaren lehiaketa Araban
Iturria Arabako Bertsozale Elkartea

 

Bertso ikasturtea ondo amaitzeko, bertsogintzara hurbildu eta sormenaren bidez plazera hartzeko aukera izango dute bertsozale gazteek Arabako Bertsozale Elkarteak eta Arabako ALEAk elkarlanean antolatu duten bertso-bideo lehiaketarekin. Kopla doinuak oinarri izanen ditu lehiaketak, ondotik bertsoak bideo batean jasobeharko dituzte. Lurralde osoko bertso-kopla onenak eta eskualde bakoitzekoak ere saria izango dute, eta 14 urte arteko gaztetxoei irekia da kopla-bideo txapelketa hau.

Koronabirusaren zabalpena dela eta, euskararen eta kulturaren egoera iñoiz baino sensibleagoa da eta gazteengana iristeko mugatua. Horregatik, kultur proposamen berriak egiteko garaia dela nabarmendu dute antolatzaileek: “Etxean euskaraz bizitzeko aukerarik ez duten gazte horiek hizkuntza-deskonexio egoera batean egon dira, eta garrantzitsua da euskara gertutik bizitzeko aukera berriak eskaintzea”.   

Parte hartu nahi duten gazteek haien adinaren irudiko bideoak egin beharko dituzte; erraza, dibertigarria, taldean egin ahal izateko modukoa eta sormena lantzera bultzatuko dituen bertso-koplak ekoitzi beharko dituzte. Ondotik,  horiek bideoan grabatuko dituzte. 

Arabako Bertsozale Elkarteak eskoletan egiten dituen bertso-tailerren eta bertso eskolen bitartez emango du lehiaketaren berri gaztetxoei, eta alea.eus arabako komunikabidean ere horren inguruko atal berezia irekiko da,  lehiaketari buruzko xehetasun guztiekin.

Sari ugari

Azaroan zehar bidali beharko dira bideoak, eta hortik bertso-kopla onenaren saria aukeratuko du publikoak alea.eus webgunean bozkatuz. Horrekin batera, Arabako Kuadrilla bakoitzeko bertso-kopla onena aukeratuko du epaile talde batek, eskualdeak balorizatzeko “Asko izango dira sarituak; hori baita bilatzen duguna, parte-hartzea sustatzea eta lankidetzan gauzatu daitezkeen lanak sortzea”.  Hainbat sari handi banatuko dira, gazteek gozatzeko helburu dutena, natura ingurunean gozatzeko txangoak tartean.

Hasiera batean sarituekin ekitaldi publiko bat egiteko asmoa bazen sarien banatzeko. Dena dela, osasun krisiak ez du hori bermatzen, eta aurrerago zehaztuko da nola egingo den jendaurreko agerpena; edonola ere, ikuskizuna streaming bidez segitzeko aukera bada.

Bertso-kopla onenaren lehiaketa Araban-