Bertso eskoletarako materiala plazaratu du Bertsozale Elkarteak
Bertso eskoletarako materiala plazaratu du Bertsozale Elkarteak –
Bat-batekoan hasiberriak diren haurrentzako Karta-jolasak argitaratu dituzte Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek, elkarteko irakasle lantaldeak sortuta. “Bertso-eskolan ala ikastetxean erabiltzeko dira, bertsotan dakien heldu baten laguntzarekin”, adierazi dute bultzatzaileek.
Sei karta-sortarekin osatutako bilduma da. Karta-sorta bakoitza bat-bateko ariketa jakin bat lantzeko da, eta zailtasun mailaren arabera multzokatuta daude: jarritako puntuari kartan agertzen diren oinekin erantzutea, esate baterako; edota errimatzen duten kartak lortzea, eta haiekin kopla ala bertsoa osatzea.
Bertsozale Elkarteak jakitera eman duenez “bilduma bana jasoko dute bertso-eskolek opari; bailara mailako bertso-eskola handiek herri bakoitzeko ale bat eskuratuko dute. Eta ale gehiago nahi izanez gero, bertso-eskolako partaideentzako eskaintza berezia daukagu: 32 euroren truke eskuratu ahal izango dute bilduma”. Elkarteak egokitutako eskaera orria bete behar da horretarako, azaroaren 25a baino lehen. Urtarrilaren lehen astetik aurrera jaso ahal izango da materiala.
Bertso-eskolako partaidea izan gabe Karta-jolasen bilduman interesa izanez gero, elkartearekin jarri behar zara harremaneta bertsoeskola@bertsozale.eus helbidera idatzita.
Orainmenean: Bertsolaritzaren genealogia feministak
III. Lanku Bekaren saridun izan zen proiektutik eratorri da Orainmenean: Bertsolaritzaren genealogia feministak lana. Txakur Gorria sormen kolektiboak ondutako proiektuak emanaldia eta argitalpena ditu euskarri. Liburuxka prezio berezian eskuratu ahal izango dute bertso-eskoletako partaideek: 6 euroren truke. Horretarako, aurretik aipatutako eskaera orrian egin behar da eskaria; azaroaren 25a baino lehen hau ere. Bertso-eskolako kide ez bazara, baina argitalpenean interesa izanez gero, eskuragai duzu Lanku Kultur Zerbitzuen online dendan.
Bertso-eskolentzako eskaintzaren berri ematen duen informazio orria.