BECeko arratsaldeko kronika-edo
BECeko arratsaldeko kronika-edo
Testua: Manex Mantxola
Goiza, goizagarri. Heltzea borborka, euforia egosten. Bazkari-pasararen ondoren, bazkalosteko dilema: siesta edo katarsia. Lotarako aukerarik gabe eta olatuak harrapatuta, elkartu ginen ia 30 000 belarri zut, beste hainbeste eskuren berotzeko aitzakia eske. Hala irakurri zuten egoera bertsolariek ere, agurrak motz eta bixi. Erkin eta jarrai:
Sailkapenaren behetik gorakoan, Unai Agirre Goia eta Beñat Gaztelumendi Arandia. Eskola zahar-berrituaren estandartea bata, rookie-a eta beteranoena; finaleko gazteena bestea, bigarrenez, belaunaldi berrien ispilu. Saio osoan zehar lotsagabe eta beretik aritu bazen ere, puntuka eta gaia emanda jo zuen Unai Agirrek goia, ulertzekoa beraz, saio bukaeran aurpegitik erantzi ezinik ibili zen irrifarrea: satisfakzioa. Beñatek aldiz, zapore gazi-gozoagoa utzi zuen: bakarkakoetarako daukan maisutasuna berretsi bazuen ere, goizeko ofizioko lanetan ez baitzuen bere onena eman Añorgarrak. Baina lasai, txapelketa asko dauzkagu aurretik Beñatez gozatzeko. Tamalez, ez da gauza bera gertatzen ondorengo bi sailkatuekin:
Aitor Sarriegi Galparsoro eta Igor Elortza Aranoa. Lehenak txapelketa hasieratik emana zigun abisua, 22 urteko ibilbidearen ostean, txapelketako lehiarekin aseta, plazaz gozatzera mugatuko zela. Txapelketa borobila egin du, baita finala ere. Buruz ikasteko makina bat bakarkako utzi dizkigu, istorioak kontatzeko modu propioa eta ofizioka argudioz erantzuteko abilezia matematiko bat. Milesker denagatik Aitor, haundia haiz! Hori bai, bati baino gehiagori, hire doinua etortzen zaiguk burura, sarriegi.
Igorrena beste kontu bat da. Gauzak ez dira horrela egiten, Igor. Buruz-burukoaren atarian geratu ostean, azken agurrean, azkena izango dela esatea ere! Oraindik asimilatzen. Bertsoaren gentleman polito-logoa, dotorezia, begirada bihurri batekin. Estiloa, bere horretan. Kostako da utzitako hutsunea betetzen, baina Beñat eta Ametsek zioten moduan: zor diguzun bakarra da zoriontsu izatea. Hala ere, ni prest nago kedada egiten bada, bere balkoi azpira joateko ne me quittes pas kantatzera. Biba hi, eta aurrera bolie!
Hurrenak, buruz-burukoaren periferian, Amets Arzallus Antia eta Sustrai Colina Akordaerrementeria. Ametsena ez da bertsogintza hutsa, naziogintza ere bada. Berari esker aipatu zen finalean Paris Madril baino gehiago. Besteak baino karrerilla gutxiagorekin, eta goizean bere mailaren erakustaldirik eman bazuen ere, arratsaldera arte itxaron behar izan genuen benetako Amets txapelduna ikusteko. Tamalez, ezin da dozenarik osatu sei arrautzekin. Eskertzekoa da hala ere, ahalegin berezia egin izana bizi dugun uneko kezkak ekartzeko. BECetik kanpo ere, bera entzuteko gogoz.
Sustrai, pelikulako gaiztoa, deabruaren abokatu eta periferiaren ahots. Badaki non dagoen, nondik abestu eta nori. Txapelaren lehiatik puntu erdira geratu zen, hori 5.1 batekin suspenditzea bezala da: ez da bidezkoa. Arratsaldeko saioko onena izan zen, Maialenen baimenarekin. Seiko motzari brotxea jarri zion CAFeko langilearen larrutik, puntukako aparta osatu zuen Igorrekin eta bakarkakoan Lehendakaria pertsonifikatu zuen erabat ridikulizatzeraino. Ez zuen txapelik lortu, baina saioro gorpuzten du egin nahi duen bertsolaritza. Bejondeizula Sustrai! Zure hitzetan, bertsolaritza norbere neurrira eginiko traje bat bada, zureak oso ondo ematen dizu.
Buruz-burukora: Aitor Mendiluze Gonzalez eta Maialen Lujanbio Zugasti. Azken fasera pasata, lortu zuen bertsolaritzak zor zion Aitortza. Txapelketan, lehendik ere erakutsita zeukan ofizio bakoitzean goitik behera erantzuteko zuen gaitasuna, hala ere, bakarkakoei dagokienean, finalera arte itxaron behar izan dugu bere kategoriaz gozatzeko, sudurzulotik satorzulora revisited eta guzi. Aitorrek LATZ egiten du bertsotan.
Azkenik, eta lehen, Maialen. Yonki, puta, etorkin eta trans… Emakume bakarra ez, emakume asko da. Ideologia batetik abesten du, eta hain ondo egiten duenez, txalotu dutenez, ideologia hori legitimizatzea lortu du. Eguneroko bizitzan begirada zuzenduko ez genieken ertzetako pertsonaiak erdiguneratzen dizkigu, gure gabeziak eta pribilejioak agerian utziz. Konbikzioen, aurreiritzien eta bideen urratzaile. Ama bakarra izatea erabaki du, eta jendartea irauliko du sortu duen piztiak.
Neurri batean, horretarako ere balio duelako txapelketak: euskalzaleengan diskurtso komun bat ezartzeko, txapelketa aurreko gure jendartearen baitan dauden tentsio batzuk askatzeko. Baita beste batzuk sortzeko ere.
Ezin aipatu gabe utzi, txapelketak eskatzen duen inplikazioa. Goi mailako kirolari baten entrenamentu eta dedikazioa beharrezkoa da finalera heldu nahi duen edozeinentzat. Horregatik iruditzen zait errekonozimendu bat merezi duela lagunartean, bertso-eskoletan eta, bereziki, etxean bertsolari bakoitzaren atzean elkartasunez eta pazientziaz jositako babes sareak. Ildo horretatik, Iñaki Murua gure benetako Lehendakariaren azken txapelketa nagusia izango dela ere jakin dugu. Gure esker ona eta zorionik beroenak beretzat (gero berak jakingo du nola banatu) bertsozale guztion aittona eta bertsolarien babeserako aterki izan den Gabiriar on puska honi.
Hortaz, eta amaitzeko, txapelketa ederra izan dela, eztabaidak sortu direla eta ikasi dugula lehenago agerikoa iruditzen zitzaigun horri beste bazter batzuetatik begiratzen.
Maite baititut maite gure bazterrak, baina bizi dituzten bertsoei eskerrak