BEC-era begira

BEC-era begira –

Hilabeteetan luzatu da gailurrerainoko bidea, baina gutxi falta da. Gailurrak daukan gauza ederrenetako bat egin den bidea ikusteko aukera da, eta hori presente izanda, BEC-era begira dago bertsozale komunitatea.

Gaur eman du prentsaurrekoa Bertsozale Elkarteak. Bertan jakinarazi da Sebastian Lizasok jarriko diola txapela irabazleari, azpeitiarrak urteetan egin duen ibilbidea aitortze aldera. 1986an jantzi zuen txapela berak, eta orain irabazleari jartzea egokituko zaio. Iñaki Murua lehendakariak azaldu du nola eman zion honen berri Lizasori: Sebastianen aitaren, Joxe Lizasoren, errautsak lurperatuta dauden tokian. Honako hitzak esan omen zituen Muruak bertsolari azpeitiar handiaren oroitarri aurrean, Joxe lizasori hitz eginez: “”Bizitzan hamaika aldiz jantzi eta erantziko zenuen txapela, baina txapeldun bati ez zenion sekula jantzi. Ondorengoak utzi zenituen, eta honek jantziko dio aurten txapeldunari”.

Gogoratu dezagun ze bertsolari izango diren finalean: Amets Arzallus —azken txapelduna—, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Agirre eta Sustra Colina. Honakoak dira egin beharko dituzten lanak:

BEC-era begira

Goizean

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
  • Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
  • Kartzelako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Arratsaldean

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
  • Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Buruz burukoan

  • Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
  • Binaka, gaia emanda, launa bertso zortziko txikian.
  • Kartzelako lana:
    1. Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian.
    2. Gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.

Finala zuzenean jarraitu ahalko da Bertsoa.eus bidez, baita ETB1-en ere.

 

Finalerako autobusen informazioa

 
Bertsozale askok abenduaren 17ko finalerako joan-etorria autobusez egingo du, Bertsozale Elkarteak Aizpurua taldearekin adostutako lankidetzari esker. Hemen duzue zehaztuta autobusak zein herritan, zein geltokitan eta zein ordutan abiatuko diren. Dagoeneko ezin da zerbitzu horretarako txartelik erosi.
 

Finalera joateko autobusa hartu behar dutenentzat hainbat ohar garrantzitsu:

– Ordutegi honetan agertzen den ordua abiatzeko ordua da; beraz, mesedez, ordu-laurden lehenago geltokian egon zaitezte.

–  Autobusa, txartelean zehaztutako tokian hartu beharko da. Ezin izango da autobusa beste geltokiren batean hartu.

– Edozein zalantzarik izanez gero, helbidera mezu bat bidali.

DESKARGATU HEMEN GELTOKI ETA ORDUTEGIAK

 

BEC-era begira