Bardo gorri nafarrak, bardorik hoberenak

Bardo gorri nafarrak, bardorik hoberenak –

Sei saio jokatu dira Nafarroan zehar, eta 300 bat zale bildu dira. Bi ligetako sailkapena erabaki da jada.
Bardo gorri nafarrak, bardorik hoberenak
 

Lesakan, Lakuntzan, Otsagabian, Barañainen eta Errazkinen antolatutako saioetan bi elementu azpimarratu behar dira: bertsolari eta bertsozale gazteek izan duten nagusitasuna batetik, eta sasi-lehia honen izaera hurbil eta umoretsua bestetik.

Ostiralean 40 bertsozale bildu ziren Lesakan, eta arretaz jarraitu zuten herriko “Unibertsolariak” eta Barañaingo “Barakinak” taldeen arteko saioa. Lesakarrak gailendu ziren azkenean. Bien bitartean, Otsagabiako Gartxot elkartean jardun ziren “Amortziaren eliobak” eta “Xirristi Drimtim” taldeak, biak  Zaraitzu ibarreko parte hartzaileekin. 50 lagunek bete zuten elkartea, eta “Amortziaren eliobak” taldeak irabazi zuen saioa. Egun berean hirugarren plaza Lakuntza izan zen, Sorginak tabernan. 80 bertsozaleren aurrean ospatu zen bertso akelarrean bailarako “Sakana Zart” eta Baztan/Malerrekako “Adams familia” aritu ziren jo eta su. “Adams familiarentzat” izan zen puntu irabazlea.


Gotzon Aranburuk Naiz hedabidearentzat egindako bideoak: Lizaharrak eta Bi Dozena.

Larunbatean bi saio antolatu ziren, lehena Errazkingo Txirrika elkartean. Larraun eta Araizko “Bi dozena” taldea eta Lizarrako “Lizaharrak” lehiatu ziren. 25 bertsozaleren aitzinean. Etxekoak gailendu eta bigarren faserako sailkatu ziren. Barañaingo gaztetxean bertako “Patioko banda” eta Berako “Ibardin: hiru ta lau dira zazpi” taldeek eskaini zuten emankizuna. 70 lagunek bete zuten aretoa, gazteak gehienbat. Beratarrek eskuratu zuten lehen postua, eta aurretik beste saio bat irabazi zutenez, bigarren fasera igaro dira.

Asteburuko azken saioa igandean jokatu zen, Barañaingo Haizea elkartean, bertako “Barañetak” eta Sakanako “Sakana Zart” taldeen artean. 40 bertsozale inguru bildu ziren eta Sakanakoa gailendu.

Datorren asteburuan Bardoak ekimenaren lehen faseko azken saioak jokatuko dira. Guztira sei saio izanen dira; ostiralean Lizarran, Iruñean, Altsasun eta larunbatean berriz, Elgorriagan, Iruñean eta Garraldan. Saio hauekin, martxoaren 2tik 11ra bitarte eginen den bigarren faserako sailkapena erabakita geratuko da.

Informazio gehiago nahi izanez gero jo Nafarroako Bertsozale Elkartearen webgunera.

Bardo gorri nafarrak, bardorik hoberenak