Bapatean 2024 liburua doan, Bertsozale Elkarteko bazkideentzat
Bapatean 2024 liburua doan –
“2024ko Bapateanek dakartza, besteak beste, Euskal Herri osoko bertso plazei buruzko informazioa, eskualdearen araberako saio kopuruak, aldizkako saio zein sariketen berri eta Xenpelar Dokumentazio Zentrora (XDZ) grabatuta iritsi diren bertsoaldien hautaketa bat. Lurraldetasuna, generoa, belaunaldiartekotasuna, saio mota, doinuen berritasuna… bezalako aldagaien baitan bereizitako bertsoaldiak dira, beti ere, bertsolari bakoitzaren saio kopuruan oinarrituta”, adierazi dute Bertsozale Elkartetik.
Elkarteko bazkide izanez gero eta Bapatean 2024 paperean eta doan eskuratu nahi izanez gero, aski duzu izen-emate fitxa betetzea, otsailaren 10a baino lehen.
Eskatu Bapatean 2024 hemen
Bertsoaldiei dagozkien audioak eskuratu nahi izanez gero xenpelar@bertsozale.eus helbidera idatzi behar da eskaera (ze bazkide zaren adieraziz).
Aurtengo edizioari Unai Mendizabal Jauregik egin dio aitzinsolasa, Plazaren atzean izenekoa. Bertsoei dagokionez, Bapatean 2024k 687 bertso dakartza; 74 bertso saiotako 88 bertsoalditan multzokatuak. Gainera, bertsoaldi bakoitzari dagokion informazioa ematen da: gai, doinu, parte hartzaile, antolatzaile… bai eta saio bakoitzaren testuinguruari buruzko zertzeladak ere. Nabarmentzekoa da bertsoaldien corpusa herritarrek antolatutako bertso saioetakoak direla, eta ez txapelketetakoak, horiek jada beste euskarri batzuetan erregistratuak baitaude.
Jende askoren ekarpenei esker egin ahal da Bapatean. Hamaika bertsozalek bidali dituzte grabazioak borondatez.