Badatoz Nafarroako Bardoak
Ostiral honetan hasiko da Nafarroako taldedako bertso txapelketa, Lesakan eta Sunbillan. Urriaren 26an amaituko da, Garesen.
Badatoz Nafarroako Bardoak –
2012an sortu zen ekimena, herrialdeko Bertso Eskolen sarea indartzeko xedez. Ordutik, bi urtean behin antolatzen da, auzolana eta talde lana oinarrian jarriz. Antolatzaileen arabera “modu horretan, bertsolaritza beste modu batera lantzeko aukera ematen da, bertsolari eta bertsozaleen harrobia sustatuz, gune eta plaza berriak barneratuz eta molde parte hartzaileak praktikan jarriz”.
Sariketaren zazpigarren edizioa izango da aurtengoa. Talde parte hartzaileen herriez gain, beste sei herri batu dira saioak jasoko dituztenen zerrendara, eta bertan izango dira txapelketako sei finalaurrekoak. Hain zuzen ere Irurtzun, Tafalla, Etxauri, Irunberri, Iruñea eta Tutera. Modu horretan, bertsoa Nafarroako ahalik eta bazter gehienetara eramateko apustuari eutsi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Orotara 20 saio izango ditu Bardoak-ek.