Badator Hernandorena bertso sariketa
Hernandorena bertsolari gazteen sariketa aurkeztu du Bertsularien Lagunak-ek. Bi urtez behin egiten duten sariketa da eta 16 eta 22 urte arteko Euskal Herri guztiko 12 bertsolarik hartuko dute parte aurtengo edizioan.
Badator Hernandorena bertso sariketa –
Teodoro Hernandorena, sortzez zizurkildarra, Donibane Lohitzunera joan zen 1936ko gerlaren ondotik. Bidasoaz bestaldean ziharduen gisan, Lapurdi, Baxenafarroa eta Zuberoako kulturgintzaren eremuan segitu zuen lanean, eta saiakera handia egin zuen bertsolaritzaren sustapenean. Bera izan zen, besteak beste, Mattin Treku eta Fernando Aire Xalbador Euskal Herriko plazetara atera zituena. Haren omenez, Euskal Herri guztiko bertsolari gazteak gonbidatuz antolatzen duten sariketari jarri zioten Hernandorena izena.
Eskolarteko txapelketako ibilbidetik, plazako ibilbidera jauzia ematen ari diren 22 urte arteko gazteei, beren burua ezagutarazteko parada ematea da xedea, txapelketa handien lehiakortasunetik kanpo, lagun arteko norgehiagoka batean.
Aurtengo edizioak hiru saio izango ditu: apirilak 20 Irisarriko Gure Doia ostatuan eta apirilak 27 Hendaiako Baleak elkartean, biak ala biak 19:00etan hasita. Finala maiatzaren 11an (Herri Urrats egunaren bezperan) Senpereko Larraldean izango da, 19:00etan. Saio guztietan jatekoa eta edatekoa izango dela adierazi dute antolatzaileek.
Hernandorena sariketa irudia berriturik dator aurtengoan. Mari Campistron aldudarrak sortutako kartelarekin.