Badator Bertsolamintza
Aurtengo martxoan Bertsolamintza, bertsoaren inguruko hausnarketen plazak, beste edizio bat izango du, “Nondik eta zeri kantatzen diogu?” lelopean. Martxoaren 13an hasiko da Gasteizen, eta 23an amaituko da, Amasa-Villabonan.
- Martxoak 13, Gasteizko Goiuri jauregian. Bertan izango dira, Aroa Arrizubieta moderatzaile dutela, Maider Arregi alde batetik eta Aitor Bizkarra eta Oihana Iguaran bestetik. Hiruek aztertuko dute zein gairi abesten dieten bertsolariek, baina ertz ezberdinetik. Arregik oholtzan ez dauden kolektiboei eta beraiei buruz kantatzearen inguruan hausnartuko du. Iguaranek eta Bizkarrak egoera sozio-ekonomikoa izango dute berbagai, eta hausnartuko dute plazetan horiei abesten zaien.
- Martxoak 14, Bilboko Euskararen Etxean. Zihara Enbeitaren gidaritzapean, Jexux Mari Irazuk eta Onintza Enbeitak hartuko dute hitza. Lehenak libreko bertrsogintza izango du hizketagai: bere kokapena, presentzia, aukerak eta mugak azalduko ditu. Enbeita, ostera, botere harremanez arituko da. Bertsolariaren itzalak eta generoak harreman horien sorkuntzan duten garrantziaz hausnartuko du.
- Martxoak 20, Itsasuko Sanoki gela. Bertan, Battit Crouspeyre izango da aurkezle, eta berarekin Oihana Arana eta Maialen Akizu eta Ainhoa Urien egongo dira. Arana bertsolaritzako diskurtsoez arituko da: bertsolariek diskurtsorik ba ote duten, ideologikoki lerratuta ote dauden eta beste. Akizuk eta Urienek, bestetik, bertsolarien diskurtsoez egingo dute eztabaida: estetika eta etikaren artean, artista eta obra uztartzearen inguruan arituko dira.
- Martxoak 21, LABA espazioan, Iruñea. Saioa Alkaiza ibiliko da aurkezle lanetan. Hizlariak Julio Soto eta Imanol Artola batetik, eta bestetik Odei Barroso, Unai Iturriaga, Sarai Robles, Aitor Salegi eta Oihane Perea izango dira. Lehenengoak gai-jartzailearen inguruan arituko dira, gaien aukeraketaren inguruan. Azkenengoek bertso-eskoletara ekarriko dute gaia: eztabaidatuko dute bertan ikasitakoa soilik forma den, ala edukiak ere baduen tokirik.
Itxiera ekitaldia Villabonan izango da, Subijana etxean, martxoaren 23an. Egun osoko egitaraua antolatu du Bertsozale Elkarteak, aurreko bi asteetan ekimenean parte hartuko duten hizlarien presentziarekin, Ainhoa Agirrezaldegi eta Aner Peritz moderatzaile dituztela. Goizeko 8:45ean hasiko dira, eta eguerdirako bukatuko da. Ondoren bazkaria egongo da Villabonako Behar Zana elkartean, eta bazkalondoan libreko bertso saioa. Miren Artetxe eta Sustrai Colina ibiliko dira bertsotan, eta Eli Pagola gai jartzen. Bazkarirako tiketak salgai egongo dira, martxoaren 6tik aurrera, bertsosarrerak.eus webgunean, 25 eurotan.