'Aulki-jokoa' telebista-saioa hasiko da gaur ETB1en

‘Aulki-jokoa’ telebista-saioa hasiko da gaur ETB1en –

Bertsolari Txapelketa Nagusia ardatz hartuta, bertsolaritzari buruz arituko da telebista-programa berria. Edurne Azkaratek aurkeztuko du eta Andoni Egañak ere finalaurrekoen berri emango du.

 

Gaur gauean Aulki-jokoa‘ saioa hasiko da ETB1en. Bertsolari Txapelketa Nagusia izango da gai zentrala, baina bertsolaritzari buruz arituko da saio berria, orohar. Edurne Azkaratek arituko da uarkezle lanetan eta hainbat kolaboratzaile izango ditu; batzuk asterokoak eta puntualak besteak. Andoni Egañak Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako saioen berri emango du, eta egungo bertsolaritzaren gakoak eskaini.

Juantxo Zeberio musikariak bertso-doinu bat eramango du saio guztietara, eta Edurne Azkaraterekin batera aztertuko ditu bertso-doinuen jatorrizko abestiak eta bertsotarako egindako moldaketak.

Bertsolariak, Txapelketako antolatzaile eta parte-hartzaileak, aktore, kirolari eta idazle ezagunak, bertso-eskolak… izango dira Edurne Azkarateren bide-lagunak saiaok abiatuko duen bidaian.

Txapelketa Nagusiaren atzeko aldea 

Nola eraikitzen da Txapelketa Nagusia? Erantzun bila arituko da Edurne Azkarate. Horretarako, Txapelketako saio aurreko eta ondorengo lanak egingo ditu arduradunekin batera, antolaketaren atzeko aldea agerian utziz. Lehenengo atalean, Bertsozale Elkarteko Jon Agirresarobek aretoa nola prestatzen den erakutsiko du.

Horrez gain, Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsoak, bertsolariek sortu edo moldatutako doinuak, pasatako Txapelketetako bertso gogoangarriak eta bertsolarien prestaketa-lana ekarriko ditu “Aulki-jokoa” saioak.

Beraz, urriaren 30etik aurrera leku bat gehiago izango du bertsolaritzak Euskal Telebistan. Astelehenetan, gaueko 22:30etik aurrera ETB1en eta eitb.eus-en.

‘Aulki-jokoa’ telebista saioa Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ekoiztu du Euskal Telebistarekin lankidetzan eta Lander Garrok egingo ditu zuzendari eta gidoilari lanak.

‘Aulki-jokoa’ telebista-saioa hasiko da gaur ETB1en