"Atzekoz Aurrera", euskararen hiztegi alderantzikatuaren app-a kaleratu du UZEIk
Atzekoz Aurrera –
:: Bertsogintzari begira prestatu du Android aplikazio berria.
:: 1994an argitaratu zen hiztegia lehen aldiz eta, erabiltzaileen eskariz, edizio berritua sarean jarri zuen iaz UZEIk.
:: Google Play-tik deskarga daiteke aplikazioa.
Paperetik aplikazio mugikorrera
Hitz-bukaeren hiztegi bat paperezko edizioan kontsultatzea ez da lan erraza. Horregatik, Atzekoz Aurrera hiztegiaren lehen edizioa kaleratu zuenean, paperean ez ezik formatu digitalean (CD batean) ere atera zuen UZEIk, jakinik atzekoz aurrerako hiztegietan bilaketak orriz orri egitea ez dela batere erosoa. Lehen edizio hura agortua egon zen zenbait urtez, eta 2017an, erabiltzaileek hala eskatuta, sarean kontsultagai jarri zuen edizio berritua, osatze-lan eta eguneratze sakon bat egin ostean: uzei.eus/atzekoz.
Bertsogintzari begira prestatutako app-a
Hiztegiaren lehen bertsiotik bertatik, bertsozaleak izan dira, beharbada, gehien erabili dutenak, eta edizio berritua sarean jartzeko eskaria ere bertso-mundutik egin zen, gehienbat.
Orain ere, Android aplikazio mugikorra kaleratu duenean, bertsozaleak izan ditu gogoan, batez ere, UZEIk, eta bertsogintzan trebatzen ari direnen berehalako beharrei modu errazagoan erantzutea du helburu. Izan ere, atzekoz aurrerako hiztegiekin lan egin behar izaten dute, nolabait, bertsolariek beren buruan. Horretan trebatzen dira etengabe, eta arian-arian eratzen dituzten hiztegi pertsonalen osagarri izan daitezkeen tresnak ere behar dituzte.
Interes horren adibide, Bertsozale Elkartearen laguntza izango du UZEIk Atzekoz Aurrera aplikazio mugikorraren hedapena egiteko, bi erakundeon arteko lankidetza baliatuz.
Aitzindaria: euskarazko lehen hiztegi alderantzikatua
UZEIren Atzekoz Aurrera hiztegia aitzindaria izan zen: hura argitaratu arte euskarazko hiztegi guztiek egitura bera zuten: A letraz hasitako sarreretatik Z letraz hasitakoetara antolatuak zeuden.
Atzekoz Aurrera hiztegia, ordea, ezohiko moduan argitaratu zen 1994an: hitz-amaieren arabera antolatuta zituen hiztegi-sarrerak.
Berrikuntza hori, ordea, ez zen asmakizun berria izan. Euskarak aspalditik zuen hutsunea betetzeko asmoz egin zuen UZEIk hitz-bukaeren lehen hiztegia: 1923an behar horixe azpimarratu zuen Resurreccion Maria Azkuek, errima-hiztegi bat izan arte zenbait kontu ezingo zirela behar bezala aztertu idatzi baitzuen, baita laster horrelako hiztegi bat egingo zela ere. Azkuek agindutakoa baino denbora-epe luzexeagoa behar izan zen, baina, azkenik, Atzekoz Aurrera kaleratu zen.
53.000 sarreratik gora sakelan
53.000 sarreratik gora biltzen ditu Atzekoz Aurrera aplikazio mugikorrak. Sarrera gehienak lexiko orokorrekoak dira, baina horiekin batera, eguneroko jardunean gehien erabiltzen diren terminoak ere bildu dira.
Izen arruntak, adjektiboak, adberbioak, determinatzaileak, izenordainak, aditzak, lotura-elementuak, esaerak eta onomatopeiak: kategoria horietako guztietako sar
rerak aurkituko ditu erabiltzaileak. Aldiz, izen propioak (pertsona-, leku- zein erakunde-izenak), forma deklinatuak, adizki jokatuak eta laburtzapenak ez ditu aurkituko, horrelakoak ez baitira hiztegian jaso.
Eusko Jaurlaritzak lagundutako egitasmoa
Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza eta Kultura Politika Sailaren laguntza jaso du UZEIk proiektu hau garatzeko, ingurune digitalerako euskarazko egitasmo berriak sortzeko 2018ko deialdiaren bidez.