Aste honetan izango da "Bertsolarien kantaera eta sormena" ikastaroa

Bertsolarien kantaera eta sormena –

Aste honetan izango da “Bertsolarien kantaera eta sormena” ikastaroa

 

Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro, Maialen Lujanbio, Eñaut Agirre, Oihana Iguaran eta Jon Martin izango dira hizlari.

 

 

Bertsolarien kantaera eta sormenaKonturatzerako iritsi da ikasturte hasiera bertsozaleentzat eta ikertzaileentzat. Abuztuaren 24an eta 25ean, ostegun eta ostiral honetan alegia, izango da Donostiako Miramar jauregian Bertsolarien kantaera eta sormena eskola, UPV/EHU Uda Ikastaroen baitan.

Kantaera bertsoaren garrantzizko osagaia da; bistakoa da kantaera landua dutela goi-mailako hainbat bertsolarik. Bertso eskoletan, oro har, ez da propio lantzen den alderdia eta eskas hori asetzen hasteko lehen urratsa izan daiteke ikastaro hau. Lehen egunak jarriko du arreta kantaeran, eta sormenari egingo zaio tarte bigarrenean: ahozkotasunak bertsolarien sormenean duen isla azalduko da; hedabideen gaitegiaren eragina gai-jartzaileen eta bertsolarien sormenean zenbatekoa den aztertuko; eta azkenik, bertsolariak bertsoa kantatzear den une zehatz horretan dituen bizipenen inguruan hausnartuko da.

Batean zein bestean, 09:15ean hasiko da eguna eta egunean zehar izandako hizlariekin mahai-ingurua egingo da amaieran. Ostegunean, Ainhoa Aizpurua, Itziar Navarro eta Maialen Lujanbio ariko dira, eta ostiralean, Eñaut Agirrek, Oihana Iguaranek eta Jon Martinek hartuko dute hitza. Hizlari horietako zenbait bertsolaritzaren inguruko doktore-tesiak gauzatzen ari dira, UPV/EHUko Euskara eta IkerkuntzaErrektoreordetzei, Mikel Laboa Katedrari eta Mintzola Ahozko Lantegiari esker.

Azken momentuan izena eman nahi izanez gero, garaiz zabiltza, ikastaroa hasi arte izena emateko aukera baitago honako lotura honetan bertan.

Bertsolarien kantaera eta sormena