Aramaioarrak kuadrilla arteko finalera

Aramaioarrak kuadrilla arteko finalera –

Arabako Kuadrillarteko bigarren finalaurrekoa jokatu zen pasa den larunbatean Amurrion. Aramaioko “Ibabeko Bertaren bilobak” taldea eta Gasteizko “Bapateroak” jardun ziren bertsotan. Aramaioarrek Gasteizko finalean abestuko dute.
 

Giro ederra izan zen Kuadrillarteko 2.finalaurrekoan, Amurrioko Kultura Etxean. Mokadutxo baten ondoren Aiaraldeko Alfreedon taldeak prestatutako agurrarekin ekin zitzaion saioari, Alfreedo eta Julen eskualdeko presoak hizpide.

Gasteizko Bapateroak taldean Aroa Arrizubieta, Unai Anda, Maddalen Arrausi, Xabier Antia eta Mikel Martin bertsolariak aritu ziren kantuan. Aramaixoko Ibabeko Bertaren bilobak taldekideak Xabi Igoa, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa izan ziren.

Nieves del Alamo gasteiztarra izan zen gai jartzailea, eta hiru epailek baloratu zuten bertsolarien jaduna: Egoitz Iradier Bapateroak taldetik, Iker Elexpuru Aramaiokotik eta Patxi Aizpurua Arabako Bertsozale Elkarteko epaile gisa.

Talde bakoitzaren agurra eskaini zuen hasieran, eta jarraian bertsolariek hainbat ariketa egin behar izan zituzten: binaka ofizioetan, hirunaka koplan, asmakizuna hirunaka… Umorea nagusi izan zen saioan zehar.

Aramaioko taldea arituko da finalean, beraz. Aurretik Arabar Errioxako taldea lehen finalaurrekoan sailkatu zen eta hirugarren taldea martxoaren 3ko finalaurrekoan sailkatuko da.

Bertsozale Elkartearen eskutik, Amurrioko finalaurrekoaren argazkiak, bertso sorta idatzia eta kronika hemen ikusgai.

Hurrengo larunbatean, martxoak 3, jokatuko da azkeneko finalaurrekoa, Aramaion. Finala 3 taldeen artean jokatuko da.

Finala egunean, martxoaren 17an, egun osoko festa izango da Gasteizko alde zaharrean. Eguerdian, Gasteizko muinoan kokatu dagoen Landatxo kiroldegitik hasita, idatzizko eta bat-bateko taldeak arituko dira tabernaz taberna. Bazkal ostean finala jokatuko da. Bazkarian izena emateko deitu 675 70 79 71 edo idatzi araba.sustapena@bertsozale.eus. Finalerako sarrerak bertan jarriko dira salgai.

Aramaioarrak kuadrilla arteko finalera