Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea
20 saio antolatu dira, bi itzulitan. 74 bertsolari izango dira kantari, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; 34 bertsolarik eskuratuko dute udazkenerako pasea.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea –

“Txapelketako sailkapen fase hau gauzatu dadin ezinbestekoa da lehengaia egotea: bertsolariak, antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak eta, oro har, bertsozaleak. Bertsolaritzaren ekosistema honetan lehengai hori sortzen dutenen lana eskertu eta lan horren aitortza egin nahi diegu bertso-eskolei: jakitun baikara beraiek direla aipatutako ekosistema horren eusle”, adierazi dute Gipuzkoako Bertsozale Elkartetik. Aurtengo irudia eta mezua ildo horretatik diseinatu dituzte. Unai Gaztelumendiren irudiak bertso-eskoletako lehen belaunaldi inguruko irudiak dakartza, behean Uztapide duela. Zuri-beltzeko argazki horretatik gaur eguneko bertso unibertsora heltzeko ezinbesteko pausoa izan dira bertso-eskolak, eta horixe irudikatu nahi du, hain zuzen ere, Gaztelumendiren irudiak.
Beste berritasunetako bat da saio bakoitzaren ondoren afari-merienda antolatuko dutela tokian tokiko bertso-eskolek. Keinu hori “aurtengo txapelketaren mezuarekin bat dator, bertso-eskolak erdigunean jartzen baitu, eta bertsoaren unibertsoa zabaltzen baitu”.