Aner Euzkitzerentzat basarri saria

Aner Euzkitzerentzat basarri saria –

“Kotxeari gortinak jarri behar dizkiot igandeetarako” lanarekin eskuratu du saria Aner Euzkitzek, bigarren aldiz jarraian.

Aner Euzkitzerentzat basarri saria

Bigarren aldiz jarrian irabazi du Aner Peritz Euzkitzek Basarri bertsopaper saria. Ligatu ondoreneko esnaera kontatzen duen Kotxeari gortinak jarri behar dizkiot igandeetarako bertso sortarekin. El tiempo está después kantua moldatuta, Alaia Martinek Argentinari jarriak sortan erabilitako doinuan jarri ditu Euzkitzek. Doinua lau puntukoa da, eta 9/6 silaba ditu puntu bakoitzean.

Nahikari Gabilondo, Andoni Egaña eta Uxue Alkortak epaimahaikideek azaldu dutenez, «bertso onak dira eta gaiari heltzeko ikuspegian eta doinuak markatzen duen erritmoan sortako protagonistaren uneko sentsazioak adierazten asmatu du. Elementu asko sartu ditu, egoera oso bisual egiten laguntzen dutenak».

Zarauzko Bertso Asteko bertso musikatuen emanaldian kantatu zuen Aner Peritzek bere 12 bertsoko sorta. “Kotxeari gortinak jarri behar dizkiot igandeetarako”.

1. Lo gutxiegi egin dugu.
Ez nauzu aditzen.
Begi itxietan nabari
dut goiza argitzen.
Gu korapilatu aurretik
hau nahasten ari zen.
Maletero honetan biok
ez gara kabitzen.

2. Gogoratzen dut zure begi
azpiko orezta,
zure izena ez. Nork jarri
du txosnetan ska?
Zergatik bukatu genuen
Renaultean festa?
“Eramango zaitut etxera”
esan nizun, ezta?

3. Begiak zabaltzeko beldur
naiz zu aurpegira
so topa zaitzakedalako.
Asko ote dira
bart zeudenak kontenedore
hartara begira?
Ez dakit zer ordu den, baina
beranduegi da.

4. Kutxaritan igartzen zaitut
atzetik, petxuz blai,
gorputza biratu dut mantso,
zurearen erpai.
Begiak zabaltzera noa,
zuk segi lo, lasai.
Ostra, bale, biluzik zaude.
Joder! Ni ere bai.

5. “Ya son las nueve”-ka esnatu
ondoren Alexak
behatu duzu: ur-botila,
bi bic cristal exact,
atzoko txosnako basoak,
bi boxer, durex bat
—eskerrak—, totte-baga, galtzak,
mobila, klinexak,

6. kotxeko giltza, autopako
txanponak ta batik
bat topatzen ez dudana da
zure eye contactik.
Maletategian ez nago
eroso; ez dakit,
baina pentsatuko dut dela
posturarengatik.

7. Ez dut atzokoa ulertzen;
ea, zer diozu?
Zergatik nengoen hain bero,
sukarrez, morbotsu,
uzkiz hain zabal, hitzez gordin,
ahoan oro txu…?
Ez dakit zein zen arazoa:
popperra edo zu.

8. Kaka! Hamaika t’erdietan
lana dut, bitxito,
kotxean azkar ez naiz ordu
t’erditik jaitsiko
ta zu etxean utzi behar
zaitut lehenbiziko…
orain morreatzen bagara
ez naiz iritsiko.

9. Egun on ezer baino lehen,
goiz da zoritxarrez,
nik laster alde egin behar dut
nahiz atzo behar ez.
Jantz ditzagun arropak kendu
bezalaxe aurrez,
ja goiza da, badaezpada
elkarri bizkarrez.

10. Mapseko zurerako minsak
hogeita hamabi.
Zergatik esan ote nion
“bai” gaurko lanari?
Musika zure esku, benga,
nahi dut joan adi.
Spotify Premium daukat.
Ez jarri Anari.

11. 31 mins isilik.
Ailegatu gara
hau omen da zure herria.
Ez, keba, bertara
ez naiz hurbilduko, ze lotsa.
Txau! Ez ezer laga.
Animo astelehenarekin!
Gaur igandea da.

12. Isipilutik so egin dizut,
airera muinkatu.
Ene, igande postlarunbat!
Ai, jai bedeinkatu!
Ezin gauetik egunera
guztiz labainkatu;
ez naiz lanera heldu eta
ez dugu gainkatu

Aner Euzkitzerentzat basarri saria  Aner Euzkitzerentzat basarri saria