Amurrioko saioa, ezker gantxoak eta txapak

Manex Mantxola-(r)en argazkia Manex Mantxola 2017-11-20

Amurrioko saioa, ezker gantxoak eta txapak

 

Atzo jokatu zen, Amurrion, finalaurrekoetako bigarren faseko lehen kanporaketa. Kasualidadez(?), ordu berean jokatu zen Altuna eta Urrutikoetxearen arteko 4 t’erdiko finala, eta hor ibili zen bat baino gehiago belarriak oholtzan eta begiak frontoian, biak batera jarraitu nahiean eta bakarra jarraitu ezinda, pilotazale eta bertsozale arteko euskal identitate bipolar baten sindromeak jota:

 

Berriako lagunek igotako saioko argazkia. http://bit.ly/2AfGRod

 

Amurrioko Bañuetan egin zuten material hautaketa, Bañueta polikiroldegian esan nahi da, ez gaizki pentsa. Batzuk arinago besteak astunago baina denek utzi zuten jokaldi ederrik ikuslegoaren gozagarri. Nahiz eta, txaparen bat edo beste ere izan zen.

Sarrerak amaituta, 1325 zalek egin genuen topo (eta topa). Harmailak lepo, Markiña eta Donosti aldeko tifosien artean ez zen liskarrik izan, udalak hartutako segurtasun neurriak medio. Saioa goitik hasi zen eta goian amaitu. Nahiz eta, tartean beherakadatxorik izan zuen giroak. Aipatzea, puntukako ariketak ez zituela espektatibak bete, peloteo gehitxo eta ezker gantxo gutxi. Elkarrekin eta lagunduz, baina moztu gabe.

Oro har, puntuaketa behetik. Guk, konpentsatze aldera, goitik ekingo diogu errepasoari:

Sustrai Colina Akordaerrementeriak (Ño, bigarren hau bai pilotari abizena!) egin zituen tanto gehien, finalerako kasta baduela argi utziz partida osoan zehar. Takoekin baino, takoiekin, besteak baino maila bat gorago. Labur esateko: Gozaatuz, Xabier! Hori bai, ea zortziko txikirik egin daitekeen bere argaltasunaren komodina aipatu gabe, eh Beñat?

Beñat Gaztelumendi Arandiak, ez du hutsik egiten. Kaiolako maisu, Sustrai eta Nerearekin batera. Bide batez, zorionak gai-jartzaile taldeari, txapelketa osoan zehar egindako lanaz gain, Amurrioko kartzelakoan asmatu baitzuten bertsolariek gozaatzeko moduko gaia plazaratzen, zentzumen eta sentipen bana batuz: usaimena eta urduritasuna.

Jon Maia Soria, indartsu, eskola zaharreko pilotaria, esku-huska ere errebotera bidaliz. Azpimarratzekoa egindako ibilbidea: interpueblosetik hasi zen eta finalerako aukerekin dago oraindik. Bere azken agurrak azken agur kutsua izan bazuen ere, gustatuko litzaidake BECen habanera batekin agurtzen entzutea, merezi du eta.

Nerea Ibartzabal Salegi, gorriz. Udalekuetako izarak lehenengo hilerokoarekin colorau utziz. Txapelketa hasieran bere alde apustu egin zuen inork ez du xentimorik galdu, dena eman du. Eta eskuak minduta izan arren, harro egon daiteke, bera izan baita, sin dudarik gabe, txapelketa honetako errebelazioa.

Jon Martin Etxebeste (Aupa!), asmatu zuen, baina ez finalera heltzeko adinako distirarekin. Dena den, bere estilo propioaren aztarna utzi du txapelketan, Waltarik bezalaxe.

Etxahun Lekue Etxebarria, ez dakit poto batek zenbat penalizatzen duen, baina gehiegizkoa iruditu zitzaidan gainontzekoekiko puntu tartea. Aipatzekoa, ariketa askotan hartu zuen papera: pilotari baino, txirrindularitzako gregario lanetan aritu zen, bideak irekiz eta besteentzako tranpolin lanak egiten.

Azkenak, Altuna eta Urrutikoetxea, 22 eta 21 punturekin, ez dute BECekofinalean kantatuko.

Amurrioko saioa, ezker gantxoak eta txapak