Amets Arzallus irabazle Xilaban
Amets Arzallus irabazle Xilaban –
Honako bertsolariak iritzi ziren finaleko oholtzara: Maddalen Arzallus Antia, Maddi Ane Txoperena Hiribarren, Odei Barroso Gomila, Amets Arzallus Antia, Patxi Iriart Hiribarren eta Miren Artetxe Sarasola. Aritz Bidegainek aurkeztu zuen saioa, Amaia Kastorenek harrera egin ostean.
Zortziko nagusian eta zortziko txikian aritu dira lehendabizi, ofiziotan; puntu-erantzunetan jardun dira gero eta 10eko txikian aritu dira ondoren, berriro ere binaka, ofiziotan; azkenik, bakarka aritu dira, kartzelako lanean, gai bera emanda, neurri eta doinu librean: “Orain arte besteen begiradak arranguratu izan zaitu”.
Behin eginkizun horiek amaituta, Amets Arzallus eta Miren Artetxe buruz-burukora igaro ziren, eta 6ko motzean eta 8ko txikian ofiziotan aritu ondoren, berriro ere kartzelako lana egin zuten.
Zehaztu den beste kontu bat da ze bertsolari jardungo diren 2022. urteko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian: Miren Artetxe Sarasola, Odei Barroso Gomila eta Maddalen Arzallus Antia dira, Amets Arzallus Antia eta Sustrai Colina Akordarrementeriaz gain.
Andoni Iturriozek eman zion makila eta jantzi zion txapela Amets Arzallusi: “Urte luzeetan Andoni Iturriozek bertsolaritzaren eta orokorkiago euskal kulturaren alde egin lana eta eman laguntza isila bezain handia eskertu nahi izan du Xilaba txapelketaren antolatzaile den Bertsularien Lagunak elkarteak”, adierazi dute antolatzaileek.
Epaile lanetan aritu dira Maialen Berra, Eneko Bidegain, Zuhaitz Olazabal, Lur Renteria, Ainhoa Sarasua, Iban Thicoipe eta Abel Zabala.
Honakoa izan da finaleko sailkapena:
- Amets Arzallus Antia 1012 puntu
- Miren Artetxe Sarazola 975 puntu
- Odei Barroso Gomila 605 puntu
- Maddalen Arzallus Antia 586,5 puntu
- Patxi Iriart Hiribarren 562,5 puntu
- Maddi Ane Txoperena Iribarren 561,5 puntu
Txapeldunaren azken agurra
Doinua: Norbere mundu intimo
Biriatuko mendira
lore bat eta muxu bi
beste bat urte osoko
bertsozale maite zuri
muga madarikatu bat
erantsi ziguten guri
jendea han ibiltzen da
ito larrian urduri
zuriak ez baigara beltz
beltzak ez baitira zuri
har dezadan makila hau
ta mugak bihurtu zubi
bidasoak ez dezal
beste malkorik isuri
primaderan hiru lore
baietz hazi Zibururi !