Alazne Untxalok eta Irati Majuelok irabazi dute II. Bertsokabi txapelketa
Alazne Untxalok eta Irati Majuelok irabazi dute II. Bertsokabi txapelketa –
80 lagunen aitzinean jokatu zen II. Bertsokabi-Eugenio Arraiza Sariketako finala, Iruñeko Herriko Tabernan. Oholtzara igo ziren bikoteak: Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo eta Irati Majuelo eta Alazne Untxalo. Azken hauek gailendu ziren, eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakari Alaitz Rekondok jantzi zien txapela.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, “kantu baten doinua baliatuz egindako agurrekin eman zioten bikoteek hasiera saioari. Ondoren, zortziko txikian zein hamarreko txikian aritu ziren denak, ofiziotan. Horren ostean etorri zen bertso probetarako tartea; Aitor Irastortza eta Xabat Illarregi ‘Nor da nor?’ jolasean aritu ziren, llarregik, galdera bitartez, Irastortzak publikotik aukeratutako pertsona asmatu arte. Ekhiñe Zapiain eta Josu Sanjurjo puntuka aritu ziren oina emanda, ahalik eta oin gehien esan nahian, poto egin arte. Irati Majuelo eta Alazne Untxalo, azkenik, tabuan ibili ziren: pertsonaia asmatu nahiean aritu zen Majuelo, baina Untxalok erantzunetan hainbat hitz ezin erabilita. Jolasen ostean bakarka aritu ziren Ekhine Zapiain, Irati Majuelo eta Xabat Illarregi, eta ondoren, gaia emanda puntuka beste hiru bertsolariak, Aitor Irastortza, Josu Sanjurjo eta Alazne Untxalo. Azkenik, koplatan aritu ziren hiru bikoteak. Horren ostean jakinarazi zen bikote txapelduna, azken agurrekin saioari bukaera jarri aurretik”.
Hurrengo Bertsokabi sariketa, 2021ean
Nafarroa osoko 18 bertsolari gazte aritu dira aurtengo sariketan kantari, bikoteka. Lau saio izan dira guztira, Iruñeko beste horrenbeste taberna eta gune informaletan. Modu horretan, helburu bikoitza bilatu du Nafarroako Bertsozale Elkarteak: batetik, bertsolari gazteei plaza berriak eskaintzea. Bestetik, Iruñeko publiko gaztea bertsozaletu eta bertso eskaintza zabaltzea. Era berean, Eugenio Arraiza zenari gorazarre egiteko baliatu nahi izan du elkarteak bere izena daraman sariketa.
Bi urtean behin egiten da Bertsokabi Sariketa, Izeta Sariketarekin txandaka.