Alaia Martin nagusi Baigorrin, 712 puntu eskuratuta

Alaia Martin nagusi Baigorrin,  712 puntu eskuratuta

Alaia Martin izan da nagusi Baigorrin, 712 puntu eskuratuta. Bigarren Aimar Karrika izan da, 651,5 puntu lortuta, eta Beñat Ugartetxea hirugarren, 631, 5 punturekin. 615 lagun inguruk bete dute Baigorriko Ezker pareta frontoia, txapelketari hasiera eman dion saioan. 

Alaia Martin nagusi Baigorrin, 712 puntu eskuratuta
Alaia Martin nagusi Baigorrin, 712 puntu eskuratuta

 

Txapelketak bere bideari ekin dio Baigorrin, Ezker pareta pilotalekuan. Itzuli dira bertso gosez gerturatu diren bertso zaleak, eta itzuli dira lehen pankartak, txalo zaparradak eta eta komunera joan-etorriak. Bertaratutako 615 lagunek bete dituzte ezarritako eserlekuak. Oholtza gainean, berriz, seikote hau aritu da kantuan: Aimar Karrika, Ander Lizarralde, Alaia Martin, Beñat Ugartetxea, Mikel Artola eta Xabi Maia. Gai jartzaile lanetan, berriz, Joana Itzaina aritu da. Txapelketako lehen saioan  Alaia Martin gailendu da (712 puntu); Aimar Karrika izan da bigarren (651,5); eta  Beñat Ugartetxea hirugarren (631,5).

Aurten txapelketa Euskal Herriko zazpi lurraldeetara helduko da, eta horretaz oroituz ekin dio hasierako agurra lehenbizi kantatu duenak, Mikel Artolak: “Txapelketako faseak ere / hesitzat joko balira // Salto egiteko pronto gatoz gu / mugak gainditzeko dira”.

Saioak zantzu politak utzi ditu une askotan, eta puntako bertsoren bat denen ahotan izan da. Horietako bat kantatu du Martinek, zortziko handian, Ugartetxearekin batera. Lagunak dira Ugartetxea eta Martin, eta beraien lagun bat borrokan hasi da ondoko batzuekin, eta borroka baretzera sartu behar izan dute. Ez da lagunak horrelako zerbait egiten duen lehen aldia. Ugartetxeak laguntzen dion azken aldia izango dela esan dio Martini. Bada, hona Oiartzuarraren erantzuna: “Azkenaldian ez da izango / zabal zazu perspektiba // zenbat gautiar eraman duen /  tabernaren atarira // arreta eman nahiean dabil / hegoaren sokatira // modu txarrean izanagatik  / laguntza eskatzen ari da”.

Alaia Martin nagusi Baigorrin, 712 puntu eskuratuta
Beñat Ugartetxeak jarri du, batik bat, umorea. Hirugarren egin du (631,5 puntu)

 

Ohi bezala, umorea zortziko txikiarekin batera azaldu da. Aipatzekoa izan da, adibidez, Ugartetxeak eta Karrikak eginiko lana.  Karrikak arropa denda du, eta Ugartetxea beti joaten zaio arropa mordoa probatzera, deus erosi gabe. Biek elkarri erantzunez jardun dute, eta horrela hasi da Ugartetxea:  “zapatila politak / dituzu gainera // ai, etxean ahaztu zait // berriro kartera”. Karrikak orduan erantzun: “Ordenatua naiz ni / eta oso fina // ta zuk uzten didazu / guztia zikina // kartera bila joan / etxera jakina // ez badek probatu nahi / nire espartina”. Orduan, Ugartetxearen erantzuna: “Oso haserre zaude/ zenbat ika mika // ea aldatzen dizuten / medikuek botika // etxera joango naiz  / bai lagun korrika // baina joan ahal naike  / zapatak jantzita”.

Alaia Martin nagusi Baigorrin, 712 puntu eskuratuta
Aimar Karrika izan da bigarren ( 651, 5 puntu)

Saioko bigarrena izan da puntuazioz Aimar Karrika, eta ale txukunak ere utzi ditu. Bera izan da, adibidez, puntuari erantzunez puntuazio altuena eskuratu duena. Hona lehenengoa: Nola moldatzen zara gauez lo hartzeko? Erantzuna: “Gaizki moldatzerikan / ez duzu usteko // Gaur ere lo egin dut / ongi ta perfekto // ta bihar nire ustez / oindik ta hobeto”.

 

Umorerako tartea ere izan da, eta horretan, batik bat, Ugartetxeak lortu ditu algara gehienak. Hala ere, kritikarako tartea ere izan da, Ugartetxeak berak bere lehen puntu erantzunean kantatu duen bezala: Denon eskubidea da etxebizitza. “Baina denok ez dugu / etxe baten giltza // nahiz eta ozen esan / gazte askok hitza // politikoak entzungor  / egiten dabiltza.

Dena den, 10eko txikiko lanak utzi ditu ofizioetako ideia txukunenak, Artolak eta Martinek egindakoa, adibidez. Irrati euskaldun bateko zuzendaria da Artola, eta Martin bertako esataria. Alaiak musika saio bat egiten du, eta entzuleek euskal musikarik eskatzen ez dutela eta kezkatuta joan zaio Mikel Alaiarengana. Musika euskaraz jartzearen ondorioz entzuleak gal daitekeenaren demaz aritu dira lehen bertsoan. Bigarrenean, Alaiak Laboaren Txoriak jarriko duela erantzun dio. Bada, hona bien azken bertsoak, Artola hasita: “Badakit gutxi dira / bateko besteko // audientzian ez gabiltz / aspaldin perfekto // badaukagu aukera / hori zuzentzeko // Laboan txoriakin  / bazabiltz hasteko // garaia badaukazu / modernizatzeko”. Alaiak hala erantzun dio Arrolari: “Beldurra neukan baina / ez dakit zergatik // bidea egingo dugu  / berriz euskaratik // Izaro, Esne beltza / ta bi kuña zatik // betetzen nau Laboak  / hainbeste esaldik  // mila esker hegoak  / ez mozteagatik.

Azkenik, kartzelako lanaren ordua heldu da. Honako hau izan da 3 bertso kantatzeko izan duten gaia: Komisaldegitik deitu dizute, agertu dela esanez. Aipatzekoak izan dira Karrikaren lehen bi bertsoak. Lehenengoan honakoa bota du: “Azken aldian nabil / eztarria idor // Kezka duena hori / bizi du derrigor // Gela begira ohi du / ea badagoen hor // Baina ate atzean / ere ez da inor // Komisaldegia ai / berez du zigor // Gaur telefono bidez / berri ona dator”. Bigarrenean, berriz, istorioa garatzen jarraitu du: “Behin hurbildu bai nintzen / gure parkeraino // ordutik hona dena / negar eta laino // hainbeste jende artean / bera baitzen ñaño // Urrundu egin zitzaidan / ta ez dakit noraino // Kezkatuagorikan / ba al dago gaurdaño // Semea galdu duen / aitatxoa baino”. 

Alaiak, berriz, bere alaba galduari bota dizkio hiru bertsoak. Hala ere, hausnarketarako ideia ere utzi du bere bigarren bertsoaren bigarren erdian: “Nahiz ta alaba Eider izan den/ beti aski burujabe // beldur askotara egin / izan dit buruak alde // bortxatuta hil dutela / pentsatu izan dut halare // neskok beti beldurrera / kondenatuta al gaude?”. Azken bertsoan alabarekin nola elkartu den kontatu du Martinek: “Komisarian sartu naiz / barruko geletara so // eta hor dago nire Eidertxo / nire sorgin ta iratxo // esan dit damutu nintzen / ez gaur baizik eta atzo // hemezortzi bete arte / ez naiz joango amatxo”.

Alaia Martin nagusi Baigorrin, 712 puntu eskuratuta
Alaia Martin nagusi Baigorrin, 712 puntu eskuratuta

Lizarraldek ere ideia txukunak utzi ditu kartzelan, bereziki lehen bertsoan. Hilik topatu duten bere lagunari jarri dizkio bertsoak Lizarraldek: “Bizia neurtzen baitzuen / tragotan eta lerrotan // ta bukaera azkarra / izaten da holakotan // berari laguntza eskaini / izan genion askotan // zegon zulo horretatik / Ateratzeko asmotan // kontzientzia oso lasai / daukat behintzat gauza hortan // bakoitzak bere bidea / hautatzen du bizi hontan”.

 

Saioaren amaieran, puntuatzea jakin ondoren kantatu dute bertsolariek, puntuatzearen hurrenkeran. Esan bezala, Alaia Martin izan da nagusi, 712 punturekin; bigarren Aimar Karrika, 651, 5 punturekin; hirugarren Beñat Ugartetxea, 631, 5 punturekin; laugarren Ander Lizarralde, 627 punturekin; bosgarren Mikel Artola, 620 punturekin; eta, azkenik, seigarren, Xabi Maia, 598, 5 punturekin.

Hurrengo saioa datorren larunbatean izango da, Seguran. Bertan honako seikotea ariko da: Ander Fuentes, Beñat Iguaran, Felix Zubia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendi. 

Alaia Martin nagusi Baigorrin, 712 puntu eskuratuta  Alaia Martin nagusi Baigorrin  Alaia Martin nagusi Baigorrin  Alaia Martin nagusi Baigorrin  Alaia Martin nagusi Baigorrin