Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketa sorta irabazleak
Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketa sorta irabazleak –
Bertsularien Lagunak Elkarteak zabaldu ditu jada Aitor Sarasua bertsopaper lehiaketa bertso sorta irabazleak. Komunikazioa akats batengatik epaimahaiak ez zuen Unax Aizpurua Ibargarairen sorta jaso, eta irakurri ondoren irabazlea zela baloratu zuen, baina era berean banatuak ziren sariak kendu gabe.
GAZTEEN MAILA
PARISKO DIRDIRA
EGILEA: Unax Aizpurua Ibargarai
DOINUA: Menditarra naiz eta gogoan
Iaz Parisen ibili nintzen
etxean baino hobeto
baina halere hango giroaz
ditut gauzak errateko.
Beti hor ziren tren geltokian
sos pixka bat galdetzeko…
Zer gertatzen da hainbeste pobreta eskale
izateko?
Batzuk han ziren Eiffel dorreko
txoko triste ta hotzean
ez genituen antxu ikusten
beraietara ohitzean.
Orain etxean kexaka hasten
garen aldi bakoitzean
kalmatu ohi naiz eskale haiez
ta pobreez oroitzean.
Eskale batek saltzen zituen
Eiffel dorre ta holako
hurbildu nintzen ta bat erosi
ta erran nion zertako:
“Aizu ez dizut nik hau erosi
benetan nahi dudalako
baizik eta zu hola ikusteak
pena eman didalako”.
Jarraitu nuen “Usu zabiltza
txapel hutsari begira
ziur zuretzat eguna ez dela
sekula pasatzen di-da
xilkoari so diren jendeak
horrenbeste ez balira
zure bizitzak ukanen luke
Parisek duen dirdira!”.
1. saria Goizane Etxeberri Lopepe izan da, hona hemen bere bertso sorta.
2. saria Pagoa Bidartek eskuratu du, hona hemen bere bertso sorta.
3.saria Eriet Zubizarreta Goenagarentzat izan da, hona hemen bere bertsoak.
HELDUEN MAILA
BIZITZARI TEN/K
EGILEA: Iñigo Legorburu Arregi
DOINUA: Ke azpitik, su gainetik
Aizan Luixa, nola gattun
andra beteranoak
hizketako asmoak
bizi-bizi zauzkanat nik
ta galdera sanoak. (BIS)
Lehen bereizten genizkiñan
Imanol ta Ainhoak
baina gaur… Lur ta Noah-k?
Jaioberritan zentzurik
ba al din hitanoak ? (BIS)
Haurra sailkatzea ez den
hasteko, etikoa
gailentzean mitoa
errazkeria diñagu
aizto aldebikoa. (BIS)
Gure mundua ez al den
krudela, zinikoa?
Topikotan itoa …
Generorik eza den gaur
gauza generikoa. (BIS)
Erditze baten osteko
bixita azkarrean
pozaren aparrean
sartzen naun gelan ta irten
sarritan marmarrean. (BIS)
Ezin identifikatuz
diñatena aurrean
galdera bakarrean
“zer da?” ateratzen zaidan
“hau zein da?” beharrean. (BIS)
Mutil-neska nor ote den,
bazagon enpatea
zer nahi den esatea?
Nahizta beti ez asmatu
hori ez den kaltea … (BIS)
Neretzat pertsona ez den
izena, hankartea
zertan itxi atea?
Nortasun bat garatzea
den identitatea (BIS)
Haur txikien maitasuna
nahi baden eskuratu
no! Horra hiru datu:
Mutilari lehen unetik
baloia gerturatu. (BIS)
Neskatxa panpinen bidez
ahal baden liluratu
ta sexuak mugatu …
Amek erditzen diñate,
amonok munduratu. (BIS)
Haurren sexualitatean
hitz egin ohi den amez
“Non din ama?” esanez
haurrak desbideratzean;
zuzen jokatzean ez … (BIS)
Aitarik ez den aitatzen
“lepo bait zagon lanez !”
Saleh, Kevin, Joanes
Aitatu ditzagun denak
lekukoa emanez (BIS).
Etxeko neskak bazeunden
belarritako faltan
ibiliko naun latan
hasieran xuxurlatuz …
ta gero zalapartan! (BIS)
Bihurtzen naun diktadore,
nik nahi ez niñan hartan
galdetuta: nolatan ?
haien gorputzaren jabe
izaterik ez dakan! (BIS)
Gaztetan sinisten niñan
Jainko Ahalguztidunan
orain gogoratu nan:
Sexua ta haragia,
pekatu Garizuman … (BIS)
Egun gazteak zebiltzan
dittuanaren suman
barne-hotsen bilduman …
Sentitu gabe bizitzen
lehen errexago zunan. (BIS)
Erreparatuta soilik
aluan ta buztanan
kontraesanen zaman
erortzea xinplea den
sailkatuz banan-banan. (BIS)
Haurra nor den ukatzean,
barne-pozak bakan han
sinisten diñat karman:
Pozik bizi nahi din harek
onartzea zakanan! (BIS)
Mutil aludun ta neska
zakildun esaldian
bat eginda, abian
jarri gattun mundu berri,
ederren atarian. (BIS)
Haiekiko errespetu
ta aitortza handian
ai, hurrengo aldian
berorrika egitea
zegokigun agian! (BIS)
2. saria Iñigo Legorburu Arregik eskuratu du baita ere, hona hemen bere bertsoak.
3. saria Manu Goionaga Bengoetxearentzat izan da, hona hemen bere bertso sorta.
Sari banaketa apirilaren 23an izango da Ziburuko Baltsan elkartean egingo duten bertso bazkarian. Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldia izango dira bertsotan.