Aitor Sarasua bertso paper lehiaketako sorta irabazleak

Aitor Sarasua bertso paper lehiaketa –

Aitor Sarasua bertso paper lehiaketa

Bertsularien lagunak elkarteak Aitor Sarasuaren omenezko bertso paper lehiaketa antolatu du, Aretxabaletako udalarekin elkarlanean. Parte hartze zinez esanguratsua izan du ekimenak, 75 bertso sorta jaso baitira zehaztuak zeuden hiru kategoria ezberdinetan.

 

HAURREN SAILA:

  1. Lehen saria: Eki Eizagirre

Doinua: gizona da zoroa

Amak esan zidala
“bertsota apuntatu
ondo pasako dezu
ta asko gozatu”
berak esandakoa
kontuan nik hartu
behin probatu nuen ta
hantxe naiz geratu

Ni joan beharko naiz
bertso eskolara
asteartero bertan
sei elkartzen gara
kantatzera joateko
guztiok plazara
baina oraindik ere
zer ikasi bada

Benetan gustatzen zait
bertsoen artea
hura bihurtu dela
nire aterpea
bertsoak ematen dit
barruan bakea
bera edukitzea da
kriston zortea

Bertsotan arma bihur
daitekeenez hitza
ondo erabiltzea
dela gure giltza
doinuekin hitz denei
emanez bizitza
esandako guztia
da bertsolaritza

 

2. Bigarren sariduna: Itoiz Herrera

 

GURE ALTXORRA

Doinua: Antton eta Maria I

 

Iparretik frantsesa
hegotik erdera
bi erraldoi artean
bizi da euskera.
Nahiz ta oso zaial izan
bere egoera
indar eta kemenaz
guztiok batera
urteetan ahoz-aho
egin du aurrera (bis)

Musika taldeekin
gabiltza kantatzen
txistu ta danbolinaz
alaitsu dantzatzen.
Frontoietako hormetan
pilotaz gozatzen.
Lan handia egin dugu
Herri hau osatzen
ez utzi euskararen
erreka lehortzen (bis)

Arbasoak izan ziren
mendetan bere artzain
gure altxorraz bustiz
bailara, mendigain.
Esfortzu guzti hura
ez zen izan dohain
Euskaraz bete zaigu
bihotz, buru, mingain
Gazteen esku dago
lekukoa orain (bis)

 

GAZTEEN SAILA

  1. Lehen sariduna: Nahia Etxeberri Lopepe

Mirailaren aintzinean
Doinua : Ludi bizitza abesti gozoz

Nahiz ta ikusi behar nukeen
Ene aurpegi finean
Begirada leun eta segurra
Segurtamena soinean
Nahiz eta nitaz harro senditu
Nahi nukeen, ezinean
Munstro bat baizik ez dut ikusten
Mirailaren aintzinean

 

Txistu ta irain eragile bat
Gehiegitan zauritua
Influencerren kopia gris bat
Ase ezinez doitua
Argiki ezetz erantzun eta
Behin ta berriz hunkitua
Gure gorputzez desgustatzeaz
Ezin izan harritua

 

Presio latz bat dugu gainean
Behera, gora, behera
Baina pixka bat pentsatu eta
Hori normala ote da ?
Goazen behingoz gure gorputza
Den bezala onartzera
Ereduetan ereduena
Senditu dadin norbera

 

Emazte eta nerabea niz
Ezin izanik bestela
Bizi osoa pasatuko dut
Seguruenik horrela
Eta ez dut nahi jartzatu eta
Jarri zombie bat bezela
Egun batean onartuko dut
Naizen bezala naizela

 

Miraila eder, miraila maite
Aski so egin zaitugu
Elkar maite ez baldin badugu
Nork maitatuko gaitu gu ?
Elgarrekilan iragaiteko
Bide puska bat baitugu
Azken finean ene mamiak
Zure isla garaitu du

 

2. Bigarren sariduna: Xanet Ormaetxea Perea

Doinua: Maitasuna izan leike

 

1-Askorentzat garrantzitsu
edozer izan daiteke
Luxuzko autoak edo
gauzak badaudenak merke
Baina guztiok honetan
konforme egon gaitezke
Euskal kultura dugula
denontzako inportante
Bertsoak, dantza, musika
gure kulturaren parte
Pelotariek artea
barru-barruan daukate
Bertsoak, dantza, musika
gure kulturaren parte
Eta garrantzitsuena
hizkuntza bera genuke.

2-Zazpi probintzia eta
bakoitzak bere hizkera
Talde bat osatu behar
genuke denok batera
Goazen guzti-guztiok
geurea defendatzera
Oraintxe bertan daukagu
ta ezin galdu aukera
Alde batetik frantsesa
ta bestetik gaztelera
Bi hizkuntza handi hauek
datorzkigute gainera
Alde batetik frantsesa
ta bestetik gaztelera
Merezi duen moduan
zaintzen al dugu Euskara?

 

3-Udaran gure etxera
etorri zitzaigun Abbie
Estatu Batuetatik
bera ta gazte ugari
Beraiek aritu ziren
begira iraganari
Aiton-amonak hemendik
joan baitziren aspaldi
Eman nahi ziotelako
aukera bat Euskarari
Horregatik jarri ginen
begira datorrenari
Eman nahi ziotelako
aukera bat Euskarari
Urrutitik lekzio bat
ematen bertakoari.

 

4-Lan asko egina dugu
puntu honta iristeko
Urte asko behar izan
daukagun dena lortzeko
Esaten dutenagatik
dena galduko da seko
Baina oraindik aukera
badaukagu aldatzeko
Edonork aukera dauka
Euskalduna izateko
Ta guk ez genun ikasi
gero ez erabiltzeko
Edonork aukera dauka
Euskalduna izateko
Jarrai dezagun lanean
hizkuntzarik ez galtzeko.

 

3. Epaimahaiaren aipamen berezia: Leina Alkhat Larrandaburu

 

Mariana Etxegarai

Doinua : Gogoratuko zara

1/
Aipatüko (dü)tüdanak
ez ezagünenak
Bena interesgarri
dira beti denak
Hen bertsoak beitziren
bertso ederrenak
Kondatü (dü)tüe pozak
eta ere hen penak
Hen bertsoak beitziren
bertso ederrenak
Ez dütügü ahatze
behar hen izenak

2/
Mariana Etxegarai
Lekornen sortü zen
Gazte zelarik jenteak
bere entzütea zihoazen
Emazte bikaina zen
argi eta xüxen
Bere hitz ederrenak
bertsotan xahützen
Emazte bikaina zen
argi eta xüxen
Bertsolari baten gisa
kantatzen züan ozen

3/
Aña Deabrua züan
bere izengoitia
(E)ta gogor izanen zen
huraz bereixtea
Gaüez argizagia
egünez ekia
Harekin sinple üdüri züan
bertso egitea
Gaüez argizagia
egünez ekia
Egiazko plazer bat zen
bere entzütea

4/
Kanboko Eüskal besten
saria züan irabazi
21 urtetan
bizia ontsa hasi
Bena bere ezteiak züan
hortan üküarazi
Haren sei seme-alaber
bizia sorrarazi
Bena bere ezteiak züan
hortan üküarazi
Ostatüan lan egiten
ordüan züan ikasi

5/
Oski egilea zen
eta ostalerxa
denen bürüan ützi züan
bere bertsolari herexa
Haren ama errola
ez züan errexa
Familia apaidüetan
handi züan sorpresa
Haren ama errola
ez beitzen errexa
Zonbait aldiz bertsolat
(eg)iten züan ihesa

6/
Orai bere heriotzalat
jauzia eginen
bertsolari aparta zen
ehüneko ehünen
Begiak zabaltü zütüan
lehentze Lekornen
Aldiz nola zendü zen
ez dü inhorek erranen
Begiak zabaldü zütüan
lehentze Lekornen
Eta bere azken hats

 

HELDUEN SAILA

 

  1. Lehen sariduna: Iñigo Legorburu Arregi.

Jaiotze basatia

DOINUA: Trumoia ortzi beltzean hoska.

OHARRA: Tarteko errepika, bertso-puntu bihurtua

 

1
Su ta gar talde heavy-ak zakar,
erritmo biziz ta horren azkar
jotzen zuena abesten nuen
guztia zenean apar
marihuana, ron ta pattar …
Baina gerora guraso senak
begi-kliska batez, kar-kar!
Bilakatuz ama bakar …
Denborak ihes egin dit baina
tempoak atzera nakar. (BIS)

2
Amatasunak dakartzan famak
dira arinak edota zamak?
Galdera soilak eskeintzen ditu
zalantzarako aztarnak,
eztabaidarako armak.
Zergatik dena polita egin
edo ezkutatu dramak?
Badira andre andanak
ama gisara erditu ahala
erdibitzen diren amak. (BIS)

 

3
Ospitalea, ehundaka txokoz
osatzen da ta, mila oztopoz
inguratuak ama modura
egin dezagun estropoz
beldurrez, hangoz ta horkoz!
Ez dut esan nahi osasungintza
jarduten denik gorrotoz
baina han preso, zero poz!
Eraikin horrek eraisten gaitu
pertsona gisa, apropos! (BIS)

4
Daisy,Shamira, Lur, Mari Axun
izen-jatorri haina nortasun
baina guztiak botiken menpe
ez estimu, ez maitasun:
“Lasai erditu dezazun …”
Ahalduntze maila loratu ahala
zenbat arantza ta asun!
Duda bat, uler nazazun:
Haur bat mundura ekartzea gaur
zergatik da gaixotasun? (BIS)

 

2. Bigarren sariduna: Amaia Agirre Arrastoa

 

Guk ere badugu Hamasetik

Doinua: Izarren hautsa

 

1-Gerra bat ez da boxeo ring-a,
gerra bat ez da esgrima
guda zelai bat ez den bezala
bakezaleen tarima
bonba hots baten lehen kriskitina
txikituz erdigune ta izkina
dena lokatz ta buztina
telebistaren bestalde nahiz ta
sentitzen dugun lastima
kontzientzian soilik eragin
ohi du uneko kilima
izan ta izen baten arima
justuziara nola arrima
Israelen plastilina
horixe da Palestina.

 

2-Judutar ultra kontserbadore
kolonoen abaraxka
ez da eztizko gotorleku bat
baizik ta biktimen bazka
zenbait mezkitei su ematea
ta malko sortzaile den gas kea
da botere arrakasta
Ramadanaren ospakizun bat
bonbardatzearen kasta
ospatzen dute aldarrikatuz
Palestinakiko nazka
bertako indar polizialei
tirokatzeko egin zaie dei
bi lur, bi gorroto aska
amaitzen ez den gatazka.

 

3-Boterearen azal-mamitan
negoziazio izkutuz
gau eta egun jardun ondoren
leku publikoak sutuz
adostu dute lehen menia
bazen garaia, bazen premia
hasteko minak laburtuz
Tel Avivek sei presoren truke
Israelek bat agurtuz
krimen lazgarri bat ezin baita
eten herri bat izutuz
nahiz pake gosez hasi urtea
zein gogorra den preso trukea
giza-izatea lapurtuz
ta merkantzia bihurtuz.

 

4-Behin garbiketa etniko batek
zabaltzen badu atlasa
mapa bateko diana dira
lur jabetza ta arraza
populazio handienaren
jabe omen den Palestinaren
kontra zenbat amenaza
askagaitz diren korapiloez
osatutako mataza
hori da krisi humanitario
batek duen anabasa
zeru azpiko kartzela_iriki
batean preso daude bortizki
genozidioen plaza
bilakatu dute Gaza.

 

5-Nola babestu ta nola zaindu
herri baten esentzia
armen bitartez azaltzen bada
talde baten potentzia?
Eraitsitako etxeen gainean
gune militar bat ekinean
sortuz indiferentzia
bertakoek galtzen dute egoiliar
izateko lizentzia
eskubideen urraketak du
uneoro presentzia
euren sustraien aldarrikapen
dira nortasun eta kokapen
zineraren herentzia
da giza erresistentzia.

 

6-Esteroidedun inperialismo
baten lehenengo atea
zabaldu berri du Donald Trumpek
ta hor dago debatea
legez kanpoko erokeria
ezmoral latz bat da alegia
bere autoritatea
norbere lur ta jaioterritik
kanpora eramatea
ta deserrira kondenatzea
da bere borondatea
Trumpek eskura ditu oraintsu
estatu handi eta indartsu
denen konplizitatea
eta inpunitatea.

 

7-Nazioarteko zuzenbideen
sistema da arazoa
egin dezagun dena zapuztu
dutenen errepasoa
lehen lerroan dago Europa
pakebiderik ez dio opa
baizik soilik frakasoa
ta Australia ez al da_Estatu
Batuak-en pailazoa
lehenik lurretik, gero airetik
egiten zen erasoa
mugak hautsi ta dena da libre
edozein bide da gerra bide
ta lurra bezain lausoa
bihurtu da itsasoa.

 

8-Nork jartzen die atxilotu ta
bahitu denei neurria?
Berdina al da giza bizitza
denek duten salneurria?
Ehun palestinar askatu ahala
Israelek bat jaso dezala
hau ez da truke derbia
kontzentrazio esparruetan
basa dator gauerdia
elikagai ta osasun zaintzen
gabezia ez da berria
euren herritik desplazatuak
dira aldiro ta bezatuak
ta_herri baten hilerria
bihurtzen da deserria

 

9-Jerusalen ta Cisjordania
ta Israelen ze nahas-mahas
Hamasek burujabetzan nahi du
izan kapaz ta kapataz
abertzalea ta yihadista
estatu libre ta islamista
lurraren jabea, beraz
guk ere gure hizkuntzan egin
nahi genuke beti solas
bihurtu gabe bi estaturen
txotxongilo eta jolas
lurrak ematen digu garena
euskaraz gara gu garen dena
gure muga, gure arnas
gu ere bagara Hamas.

 

Aitor Sarasua bertso paper lehiaketa  Aitor Sarasua bertso paper lehiaketa  Aitor Sarasua bertso paper lehiaketa  Aitor Sarasua bertso paper lehiaketa  Aitor Sarasua bertso paper lehiaketa  Aitor Sarasua bertso paper lehiaketa  Aitor Sarasua bertso paper lehiaketa  Aitor Sarasua bertso paper lehiaketa  Aitor Sarasua bertso paper lehiaketa  Aitor Sarasua bertso paper lehiaketa