Agirreazaldegi eta Egaña Bergarako Mizpirualde zahar egoitzan
Agirreazaldegi eta Egaña Bergarako Mizpirualde zahar egoitzan –
Lehen Adin-adin ekimena zenak Bertso Bira izena dauka orain, eta aurten bere bidea egingo du, bederatzigarren urtez. Egitasmoaren helburua bertsolaritzaren bidez adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta gaitasun kognitiboak sustatzea da. 30 saio egingo dira udazkenean Gipuzkoako 24 udalerritako egoitzetan. Saio bakoitzean eskualde horretako eta belaunaldi ezberdinetako bi bertsolarik hartuko dute parte (34 bertsolarik, orotara). Lankutik jakitera eman dutenez, “saio bakoitzaren aurretik egoitzetako animazio eta dinamizazio-langileek egoitzetako egoiliarrekin egiten dute lan, bertso zaharrei eta abesti herrikoiei dagokienez dituzten lehentasunak ezagutzeko. Horrela, parte-hartze aktiboa sustatzen da eta parte-hartzaileen eta artisten arteko lotura indartu”.
Iragan astean Bergarako Mizpirualde egoitzan izan ziren Ainhoa Agirreazaldegi eta Andoni Egaña, eta bertan izan zen GOIENA hedabidea.
“Mizpirualdeko egoiliarrek bertso bidez egin zieten ondo etorria Agirreazaldegiri eta Egañari eta bi bertsolariek kantuan azpimarratu zuten haientzat ez dela batere ohikoa bertsoak bota aurretik bi txalo zaparrada jasotzea. Bertsolaritza egoiliarren errutina apurtzeko modu ezin hobea dela argi geratu zen atzo ere.”