40. Basarri bertsopaper saria martxan da
Basarri bertsopaper saria martxan da –
Zarauzko Udalak 40. Basarri Bertsopaper saria antolatu du, euskara eta bertsogintza sustatzeko.
Sariketan parte hartzeko, ondorengo baldintzak beteko dituzte lanek:
- Bertsopaper bakoitzak, gutxienez, zortzi bertso izan behar ditu.
- Gaia librea izango da.
- Bertso sorta bakoitzaren doinua izenburuaren ondoan zehaztuko da.
- Parte-hartzaileek gehienez bi lan bidali ditzakete.
- Lanak originalak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dira.
AURKEZPENA
Lanak posta elektronikoz aurkeztuko dira: kultura@zarautz.eus helbidera bi pdf artxibo bidali, era honetara:
a. Bertso sorta: bertso sortaren izenburua eta parentesi artean egilearen izengoitia. Adibidez: Udaberria (Pirata beltza).pdf
b. Izen-emate orria osatuta eta sinatuta: pdf dokumentuaren izena egilearen izengoitia izango da, adibidez: Pirata beltza.pdf
Bertsotik bertsora bi lerro zuriko tartea utziko da.
Lanak jaso izanaren ziurtagiria edo mezua jasoko dute egileek. Beraz, erantzunik jasotzen ez bada, lanak behar bezala iritsi ez direla adieraziko du.
EPEAK
Lanak aurkezteko epea 2024ko ekainaren 21ean amaituko da. Epaia uztailaren 4an jakinaraziko da. Sari-ematea uztailean egingo da, Bertso Astean.
EPAIMAHAIA
Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia. 40. Edizioko epaimahaian izango dira: Andoni Egaña, Nahikari Gabilondo eta Unai Muniain edo horien ordezkoak.
Zarauzko Udalak idazkari bat izendatuko du, epaileen arteko batzarra deitzeko, erabakia jasotzeko eta irabazleari jakinarazteko.
EPAIAK
Zarauzko Udalak 1.800 euro ezarri ditu irabazlearentzat. Kopuru horri indarrean den legeak araututako zergak ezarriko zaizkio.
Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da. Aurkeztutako lanek behar adinako mailarik ez balute, saria eman gabe geratuko da.
SARI EMATEA
Saria Bertso Astean egingo den ekitaldian emango da.
LANEN JABETZA ETA SARITU GABEKO LANAK
Egilearena da lanaren gaineko jabetza.
Zarauzko Udalak konfidentzialtasun osoz gordeko ditu lan guztiak. Epaia ezagutzera eman ostean, deuseztatu egingo ditu saritu gabeko lanak.
LEGE BARRUTIA
Arautegi honetan jasotzen ez den gorabeherarik sortzen bada, sariketara aurkezten diren egileek auzi guztiekiko erabakia erakunde antolatzailearen esku utziko dute. Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzea dakar.