2019ko Bertso Eguna, Barañainen
2019ko Bertso Eguna, Barañainen –
50. Bertso Eguna izango da datorren hau. Egun osoko egitaraua prestatu dute Bertsozale Elkarteak eta Barañaingo Bertso Eskolak, bazkaria eta bertso emanaldia tartean. Txartelak eskuragai daude jada (deskontua izango dute bazkideek eta gazteek arratsaldeko ekitaldirako sarreretan).
11:00etan Alaitz ikastetxean Enkarguz emanaldia izango da, Andoni Egañaren eta Xabi Zabalaren emanaldi berria (doakoa). Eguerdian, poteoaren txanda izango da Euskal Herri osoko hamabi bertsolarik lagunduta: Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa.
Bazkaria Barañaingo udaletxearen aurrean jarriko den karpan izango da, 15:00etan; eta emanaldia auditorioan, 19:00etan. Honakoak izango dira abestuko duten bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Gallatebeitia bertsolariak. Bertso eskola izango da arratsaldeko emanaldiaren haria; Nerea Ibarzabal bertsolaria eta Aulki Jokoa saioan aurkezle ezagutu genuen Edurne Azkarate aritu dira prestaketa lanetan.
Bertso Eskolen Egunak ere bat egingo du
Bertso Eguna urte hasieran ospatzen da eta udazken hasieran Bertso Eskolen Eguna. 2019an, ordea, biak elkarrekin ospatzea erabaki du Bertsozale Elkarteak: bertso eskola izango du gai Bertso Eguneko emanaldiak.